Goikorock festival antolatu dute egubakoitz honetarako Bergarako Udalak eta Goiko Rock Musika Elkarteak.
2008an Udalak obra egin zuen goiko estazioan eta bertan entseguak egiten dituzten hiru musika taldek eskainiko dute zuzenekoa Seminarixoan egubakoitzean 22:30ean; Lord Witch-ek, Turboshit-ek eta Low Cost Deluxe-k. Sarrera ez da ordaindu behar izango eta aretoak 500 lagunendako tokia dauka.
Beraz, goiko estazioan taldeek egiten duten lana, herrian ikusi ahal izango da egubakoitzean. Hauxe adierazi du Kultura zinegotzi Maite Agirrek: "Orain dela sei hilabete zabaldu genuen Seminarixoa eta hasieratik argi geneukan hainbat diziplinetako Bergarako taldeentzat ere irekita egon beharra zeukala. Sei hilabete hauei amaiera emateko, zerbait desberdina falta zela uste dut eta goiko estazioa aspaldidanik dagoenez zabalik, interesgarria zela iruditu zitzaigun beste estilo bat jorratzeko eta ezagutzera emateko Goiko Rock-en egiten dena Seminarixoan erakustea".
Gaur egun Goiko Rock Musika Elkartearen baitan, 22 taldek eta bakarlarik entseatzen dute goiko estazioan, eta guztira 80 lagun inguru daude izena emanda.
Elkartetik gogoratu dute gainera, norbaitek goiko estazioan entseatu nahi baldin badu, eskaera egin beharko duela udaletxean.
Egubakoitzean zuzenekoa eskainiko duten hiru taldeak ilusioz daude Seminarixoko kontzertuagatik.