Udalaren arabera, jaien antolaketan herriko hainbat elkarte inplikatu dira aurten eta ekitaldietan norbanako zein eragile bergararrek protagonismo berezia izan dute. Gainera, eguraldiak bereziki lagundu du aurten eta egitarauan aurreikusitako ekintza guztiak gauzatu dira.
Aldaketa aipagarri bakarra, herri bazkariaren lekualdaketa
Ekaitz arriskuagatik asteleheneko herri bazkaria San Martin plazatik seminarioko karpara aldatu behar izatea izan da aldaketarik aipagarriena. Ekitaldien artean azpimarratu beharrekoa, zalantza barik, Gatiburen kontzertua.
Hain justu, Gatiburen kontzertua aprobetxatu zuten herritar batzuek Udal Gobernuak pankartak kentzeko agindua eman izana salatzeko. Adierazpen askatasunaren alde zentsurarik ez! leloa zuen pankarta erakutsita eta txistualdi batekin egin zuten protesta.
Xaxau: "Oso pozik gaude"
Eztabaidak eztabaida, Xaxaukoak oso pozik daude Bideberrietako txosnagunean izan den giroarekin, eta baita aurten lehen aldiz jarri duten puntu morearekin ere. "Dena gastatu zitzaigun. Egun guztietan egon da jende mordoa, eta gure balorazioa erabat positiboa da. Jende asko ibili da", adierazi du Xaxauko kide Iosu Agirrek.
Ezustekoa barraka baten
Gertaerei dagokienez Elena Lete alkateak adierazi du jai lasaiak izan direla eta balorazio ofiziala egiteke badago ere ez dela gertaera aipagarririk izan, astelehen arratsaldean La Olla izeneko barrakan gertatutakoa izan ezik. Atea ireki egin zen eta eskailera bota zuen, zorionez zauriturik eragin gabe. Ingeniari batek barraka erabili ahal zela ziurtatu ostean, martxan jarri zuten berriro.