Emakumezkoetan, nagusien mailako finala 22-10 galdu zuten Larrarte eta Mendizabalek Arrieta eta Etxanizen aurka. Etxaniz pozik zegoen Bergara Hiria txapelketako txapela jarri ahal izan zutelako lehen aldiz.
Aurretik, promesen mailan, Arakistainek eta Gamindek 18-12 hartu zuten mendean Galeano eta Agirre. Txapela jartzerik izan ez zuen pilotarien artean dago Naroa Agirre eta nekatuta amaitu bazuen ere, ez du zalantzarik pilota gomendatzerakoan.
Gizonezkoena, errotua dagoen txapelketa
Bestalde, gizonezkoetan, promesen mailan Osa eta Elizegi izan ziren txapeldunak Murua eta Gaskue garaitu ostean (22-14) eta nagusietan, Lerenak eta Otaduik jantzi zuten txapela Salaberria eta Uriondo erraz menderatu ostean (22-7). Txapeldunak oso pozik Bergara Hiria irabaztea ohore bat delako eta azpitxapeldunak triste, ez zutelako eguna izan.
Rezusta sariak banatzen
Emakumezkoen finaletan ez zen jende asko egon, baina gizonezkoen finaletarako harmailak ia bete egin ziren. Beñat Rezusta Bergarako pilotari profesionala izan zen sariak banatzen, Udal Gobernuko zinegotziekin batera. Hain justu, Rezustak eta Irribarriak Ezkurdiaren eta Zabaletaren kontra jokatuko dute gaur, maiatzak 22, arratsaldeko bostetan hasiko den jaietako pilota jaialdiaren barruko partidu nagusian.