Beñat Labaien: "Oso argi daukat entrenatzaile izan gura dudala"

Eneko Azurmendi 2018ko mai. 18a, 18:03

29 urte ditu Beñat Labaien bergararrak, eta gaur egun, Ingalaterrako Leeds United futbol taldean entrenatzaile laguntzaile lanetan dihardu; beste bi urterako kontratua du han. 17 urte zituela irten zen Bergaratik, eta, hara eta hona ibili ostean, Leeds (Ingalaterra) hirian egin du bere tokia. Etorkizunean Lehen Mailan entrenatzaile izatea du helburu.

Zer moduz joan da bukatu berri den denboraldia Leeds Unitedentzat?

Oso ondo hasi ginen eta urrira arte lehenengo postuan egon ginen. Gero, emaitzak okertzen joan ziren eta entrenatzailea aldatu genuen; azkenean, sailkapenaren erdi inguruan bukatu dugu denboraldia.

Urtebete daramazu han. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Luxua da 29 urterekin Ingalaterra joatea bigarren mailako talde batera. Jende askok amesten du hori eta zorte bat da hau bizi ahal izatea. Gure futbol zelaian partidu bakoitzean 30.000 pertsona batzen dira, eta hori bizitzea esperientzia bikaina da.

Gaur egun, bigarren mailan dago Leeds United, baina Ingalaterrako talde klasikoetako bat da, ezta?

Noski. Ingalaterrako talde handienetako bat da eta Europa mailan ere bere izena du. Orain, bigarren mailan gaude, baina espero dut laster Premier Leaguera igotzea.

Zer moduzko hiria da Leeds?

Londresen ostean, Ingalaterrako bizi-kalitate maila handiena dago Leedsen, Manchesterrekin batera. Txikia da, Donostia baino pixka bat handiagoa. Hiruzpalau unibertsitate ditu, jende gazte asko dago eta giroa ederra da. Gainera, oso polita da.

Desberdintasun handia dago hango eta hemengo futbolaren artean?

Oso desberdina da. Niri, zaila egin zait egokitzea. Epaileen kasuan, oso bestelakoa da epaitzeko modua. Han asko uzten dute jokatzen, eta hemen falta argia dena han ez da ezer. Zaleei dagokienez, ezberdin ulertzen dute futbola. Etxean jokatu genuen azken partiduan, adibidez, 35.000 pertsona zeuden harmailetan, eta 13. postuan geunden, ez genuen ezer jokoan.

17 urterekin Bergaratik irten zinen, eta gaur egun oraindik ere kanpoan zabiltza. Nondik nora ibili zara?

Amets bat neukan txikitatik, eta horren bila irten nintzen, Madrilera. Entrenatzaile izateko ikasi nuen, eta 11 urtez egon nintzen Madrilen. Ordutik, Atletico Madrilen, Real Madrilen, Fuenlabradan eta Elxen egon naiz, eta hortik Leedsera.

Hala ere, Bergaran gertatzen denaren berri edukitzea gustuko duzu.

Hala da. Internet bidez egunero irakurtzen dut hemengo prentsa, eta Bergarako futbol taldea gertutik jarraitzen dut, lagunak ditut-eta bertan.

Aurrera begira, ze proiektu duzu esku artean?

Leeds taldean beste bi urterako kontratua daukat eta han jarraitzeko asmoa dut. Esperientzia handia daukat, baina gaztea naiz oraindik, eta argi dut entrenatzaile izan gura dudala. Fernando Morientesekin lau urte egin ditut eta elkar oso ondo ulertzen dugu. Beraz, ahal bada, harekin aurrera egitea gustatuko litzaidake; bestela, bakarrik. Gertuko adibide bat dugu Asier Garitano, ikusi besterik ez dago egin duen ibilbide bikaina.

Realera joango dela uste duzu?

Hori diote komunikabide guztiek, eta, egia esan, asko gustatuko litzaidake. Ikusiko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak