Hitzordu xumea izan da, egitasmoaren bueltan dihardutenei zein Ereindajan ezagutu gura duen orori zuzendurikoa. Hori bai, jendez lepo zegoen denda-topagune berria. Asko izan dira proiektua ezagutu gura izan dutenak –ekoizleak, kontsumitzaileak, herritarrak...–.
Besteak beste, ingurukoei eskerrak emateko aprobetxatu dute hitzordua Ereindajanekoek: "Duela urtebete ekin genion proiektuari. Eta, ordutik, asko dira auzolanean esku hartu dutenak. Mila esker, guztioi! Gogorra izan da; baina, polita, era berean". Eta luntxarekin eman diete ongi etorria bertaraturikoei.
Gaurkoaren ostean, jendearen kontsumo ohitura "aldatzen" hastea dagokie. "Horretarako bitarteko da Ereindajan", diote. Bide horretan, ba, era askotako produktuak dituzte eskuragai: inguruko ekoizleek hazitako barazkiak, produktu ekologikoak... Horiek guztiak, egitasmoaren oinarrietatik ihes egin barik: "Bertakotasuna, osasungarri izatea, kontsumo eredu justua eta jarduteko era kooperatiboa ditugu zutabe". Denda-topagunea zabaldu aurretik, 160 bazkide ditu Bergarako Ereindajanek.
Bihartik aurrera
Gura duenak, bihartik aurrera izango du Ereindajanen erosteko aukera. Astelehenetik ostiralera bitartean, goizez –10:00etatik 13:00etara– eta arratsaldez –16:30etik 20:00etara– izango dute zabalik. Eta, zapatutan, ostera, goizean zehar egongo da bertan erosteko aukera –9:00etatik 13:30era–. Zapaterikuan dute egoitza.