ALBISTEAK

Kontsumo arduratsuan eta berdintasunean oinarritutako jaiak

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mai. 10a, 16:40

Maiatzaren 17an hasi, eta maiatzaren 22ra arte ospatuko dituzte bergararrek Pentekoste jaiak. Egitarau borobila osatu du Bergarako Udalak herriko eragile askorekin lankidetzan, eta kontsumo arduratsuaren eta berdintasun jarreren aldeko mezuak helaraziz egin izan nahi dute jaien programaren aurkezpena.

Jaien aurkezpenean, Udaleko eta herriko eragile ezberdinetako ordezkariak izan dira; Bergarako Zezenak, Beart, Pilota Elkartekoak, Buruhandi eta Kilikien konpartsakoak, San Joxepekoak…, besteak beste, eta egitarauko xehetasunak eman aurretik, jaien hasiera berezia izango dela azpimarratu du Elena Lete alkateak.

Txupina, Miguel Altunakoen eskutik

Bergarako Udalak, Miguel Altuna Lanbide Heziketa bidelagun izan du 90 urtez, eta horregatik bertako ordezkariek izango dute txupinazoa botatzeko ardura aurtengo Pentekoste jaietan. Bestalde, Bergararen Hiri -gutuna banatu zeneko 750. urteurrena betetzen da, eta urtemuga borobil horiek, aurrekariek landutakoa behar bezala gogoratzeko balioko dute.

Kontsumo arduratsua eta berdintasuna

Elena Lete alkateak, jaietara animatzeko deia egin die herritar guztiei, honako mezua helaraziz: "Ondo pasatzea garrantzitsua da, gozatzea, negua bukatzeko era polit bat da… Ahaztu barik, bizikidetzan ospatzea nahiko genukeela, eta hortik doa nire gonbidapena. Betiere, kontsumo arduratsu batean, eta berdintasunaren jarrerak inoiz ahaztu barik. Hau esanda, ondo pasa jaiak!".

Lehen aldiz, jaietako egitarauan emakume zein gizonezkoei zuzendutako aholkuak txertatu dituzte; edozein erasoren aurrean nola jokatu jakiteko. Aholku horiek wattsappez zabalduko dituzte. Horrekin batera, zapatuan autodefentsa feminista tailerra ere egingo dute Agorrosinen –Izena emateko azken eguna egubakoitza–. 

Prebentzioari dagokionez, bestalde, Lankurekin lankidetzan Edan? Hartu? Hausnartu? leloa sortu dute, eta horrekin lotuta, kontsumo arduratsuak bultzatzeko ikastetxe eta osasun zentroekin batera, kanpaina berezi bat luzatu die gurasoei.

Partaidetza zabala

Eragile guztiei heltzeko sei bilera egin ditu Udalak, eta proposamenetako askorekin bete dute egitaraua. Honekin batera, bergararren parte-hartzea ezinbestekoa izan dela ere gaineratu zuten. Alor ezberdinetan bergarar asko izango dira protagonista. Hala adierazi du, Maite Agirre, kultura zinegotziak: "Nomadak Bergarako taldea da, Garilak 26en bergararrak daude, baita Aukeran Dantza Taldean eta Oihan Vega DJa ere. Ezin ahaztu, Low Cost taldea; nabarmentzekoa da Bergarako talde horretako kideak etorri zirela Udaletxera beraien burua aurkezten eta jai batzordeak kontratatzea erabaki zuela. Eta parte-hartzeari tiraka, urte asko dira foro desberdinetan herritarrek Gatibu taldea ekartzea eskatzen dutela. Bada, aurten San Martin plazan izango da taldea".

Jaien aurrekontua, bestalde, 130.000 eurokoa da. Hemen: Programazioa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak