Erremontea ikusteko aukera izango da, domekan, Bergaran. Jaialdia promesa gazteen norgehiagoka batekin hasiko da; izan ere, aurrez aurre izango dira Juanenea - Zubiri eta Ansa II.- Zaldua bikoteak.
Partidu horren ondotik etorriko da Gipuzkoako erremonte txapelketako finala. Bergarako udal pilotalekuan aurrez aurre izango diren bi bikoteak barikuan Aizarnazabalen jokatzekoak diren finalerdietan erabakiko dira. Txapelketako partidu guztiak 35 tantora jokatuko dituzte, eta finalerdietako norgehiagokak dira:
. Matxin III. - Jon / Segurola - Barrenetxea
. Uterga - Agirrezabala / Urriza - Azpiroz
Euskal erremonte federazioko kudeatzaile Jaime Agirrek adierazi du uneotako erremontista onenek jokatuko dutela Gipuzkoako txapelketa. "Bost gipuzkoar eta hiru nafar dira", esan du. Gipuzkoarrak dira Matxin III., Jon, Segurola, Barrenetxea IV. eta Agirrezabala. Nafarrak dira, aldiz, Uterga, Urriza eta Azpiroz. "Jende asko etortzea espero dugu. Uste dugu erremontea frontoi motzean oso polita dela, azkarra eta pilotakada askokoa. Bergaran ondo joan dira gauzak jaialdiak antolatu izan ditugun guztietan, eta oraingoan ere horrela izango delakoan gaude", gaineratu du Agirrek.
Tradizioak eta usadioak indartzen
Bergarako alkate Elena Lete pozik azaldu da erremontearen modalitatea herrira ekartzeko sortu den aukera berriarekin. "Jakinekoa da erremonteak ikusgarritasun gehiago behar duela eta Bergaratik beste aletxo bat jarri nahi dugu zabaltze prozesu horretan laguntzeko, zaletasuna suspertzeko eta modalitate hau berriz indartzeko". Letek gaineratu du Bergaran badagoela eskarmentua tradizioak eta usadioak indartzen eta ahaleginak pena merezi duela.
Finaleko jaialdia 17:00etan hasiko da domekan, eta sarrera doan izango da.