Bergara Kirol Elkartea, Aspanogirekin bat

Eneko Azurmendi 2018ko api. 27a, 11:57

Bergara Kirol Elkarteak Aspanogi elkarteari laguntzeko ekimen solidario bat jarri du martxan. Zozketa baten bitartez, 10.000 euro biltzea izango da elkartearen erronka. Txartelak salgai daude dagoeneko euro batean, Agorrosingo kantinan, Bule eta Depor tabernetan eta Travel Brand, Multiopticas, Jo´ka, eta Igaro dendetan. Bizikleta elektriko tolesgarri bat, Lasa Jatetxean lau pertsonendako bazkari bat eta klubeko material sorta ere zozkatuko dira, ekainaren 23an, Mahonero Egunean.

Gabonetako zozketa bereziko bigarren saria, bizikleta elektriko tolesgarria, ezin izan zuten eman, ordezko zenbakiduna ere ez baitzen agertu saria jasotzera. Bizikletarekin zer egin pentsatzen hasi, eta ekimen honetan murgiltzea erabaki zuen elkarteak. Izan ere, elkarteko jokalari batek kimioterapia tratamendua jaso behar izan du minbiziari aurre egiteko eta, hori aintzat hartuta, Aspanogiri laguntzea erabaki dute. "Zorionez, susto baten geratu da mutikoaren kasua. Hala ere, Aspanogi moduko elkarte bati laguntzea gura dugu", azaldu du Iosu Elortzak, Bergarako Kirol Elkarteko presidenteak.

Zozketa honen bitartez, 10.000 euro biltzea izango da elkartearen erronka. Txartelak salgai daude dagoeneko euro batean, Agorrosingo kantinan, Bule eta Depor tabernetan eta Travel Brand, Multiopticas, Jo´ka, eta Igaro dendetan. Bizikletaz gain, Lasa Jatetxean lau pertsonendako bazkari bat eta klubeko material sorta ere zozkatuko dira. "Dendak deika ari zaizkigu eurek ere txartelak salgai jartzeko asmoa erakutsiz. Hasi aurretik dagoeneko oso erantzun ona izaten ari gara herrian, eta espero dugu salmentak ere ondo joatea".

Bittor Andonegi Aspanogiko lehendakaria gustura azaldu da ekimen honekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkio Bergara Kirol Elkarteari. "Kanpotik jasotzen dugun goxotasun eta enpatia hau eskertzekoa da. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiogu Bergarako Kirol Elkarteari egitasmo hau antolatzeagatik, eta ea dirua lortzerik dugun. Batutako dirua ikerketara bideratuko dugu seguruenik".

Mahonero Asteburua

Zozketa ekainaren 23an izango da, Mahonero Egunean, arratsaldeko 17:00etan. Izan ere. azken urteetan moduan, Bergara Kirol Elkarteko futbol sailak Mahonero Asteburua egingo du Seminarioan. Zuzendaritzak adierazi du hirugarren edizioa antolatzen ari dela, aurreko bi urteetako arrakasta ikusita. Egun handia ekainaren 23an izango den arren, festari bezperan emango zaio hasiera.

"Aurtengo edizioa besteetan baino beranduago ospatuko dugu. Udalarekin  elkarlanean, herriko beste eragile eta taldeek ere euren lekua izan dezaten adostu dugu futbolaren festa asteburu horretan antolatzea. Zuzendaritzatik jokalari, entrenatzaile, familia, zale eta bergararrei orokorrean eguna euren agendetan apuntatu eta jaiarekin bat egitera animatzen diegu. Asteburu horretan izango ditugun lanetan esku bat botatzeko prest daudenei, zuzendaritzakokideekin harremanetan jartzeko eskatzen diegu dena antolatzen joateko", adierazi dute prentsa-oharrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak