Bergara Hiria txapelketak, kirolean berdintasunik ezari aurre egiteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko api. 27a, 07:02

Bergara Hiria emakumezkoen kirol txapelketak antolatu dira urtea amaitu bitartean, eta asmoa da datozen urteetan ekimenarekin jarraitzea; sei elkarte batu dira lehen urte honetan: pilota, hockeya, ziklismoa, saskibaloia, eskubaloia eta futbola.

Kirola da gaur egungo berdintasunik ezaren adierazgarri garbietako bat, 2018an oraindik ere alde handiak daude-eta gizonezko eta emakumezko kirolarien artean hainbat esparrutan. Bada, arrakala hori ahalik eta gehien txikitzen laguntzeko, Udalak Bergara Hiria emakumezkoen kirol txapelketak antolatu ditu aurten.

Kirol elkarteen "erantzun bikaina"

Bergarako hiribilduaren 750. urteurrena hartu dute ekimena martxan jartzeko aitzakia moduan, baina datozen bost urteetan egitasmoarekin jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute, berdintasun erreala epe luzerako erronka izango dela sinetsita: "Herritarrekin egindako bilera batean bururatu zitzaigun desoreka historiko horri aurre egitea eta gure aletxoa jartzea berdintasun errealaren bidean. Elkarteen partetik erantzun bikaina jaso genuen eta sei talde konprometitu dira ekimenarekin; mila esker zuen lanagatik eta prestutasunagatik", adierazi zuen eguazten arratsaldeko aurkezpenean Elena Lete alkateak.

Pilota, saskibaloia, eskubaloia, futbola, ziklismoa eta hockeya izango dira lehen urte honetako protagonistak. Pilota sailak, Reyes Azkoitiak azaldu zuenez, mutilen txapelketen antzekoa egiten saiatu dira. Promes eta nagusi mailetan lehiatuko dira neskak, maila bakoitzean hiru bikoterekin; lehen final-laurdenak apirilaren 29an eta maiatzaren 6an izango dira; finalerdiak, berriz, maiatzaren 13an. Finala maiatzaren 21ean jokatuko da, jaietako astelehena: "Domekan egin nahi genuen, baina, frontoia ez dagoenez libre, mutilekin batera jokatu beharko dute".

Denetarik urtea bukatu bitartean

Burdinola irristaketa klubak ere hartuko du parte. Ekaineko lehen asteburuan emakumeen hockeya izango da protagonista Labegaraietan. Ekainaren 2an, Bilboko, Mirandako eta Bergarako taldeen arteko neurketak jokatuko dira eta ekainaren 3an, hiruko txapelketak, hockeya ezagutu gura duenari zabalik.

Lokatza Ziklismo Eskolak ere ez du hutsik egingo; iaz lehen aldiz antolatutako San Martzialgo nesken kronoigoerari jarraipena emango diote. "Proba ikusgarria da, herrian osoa maitatua den igoera bat. Badaramatzagu urte batzuk emakumeen alde lan egiten, eta urte berezi honetan halako ekimen bat antolatuko zela jakitean asko poztu ginen", esan zuen Lokatzako Jon Unamunok. Ekainaren 15ean izango da, 18:30ean.

Saskibaloi sailak irailaren 14rako edo 22rako prestatu du Bergara Hiria barruko txapelketa. Beteranoendako partidu bat eta emakumezkoen elite mailako IDK taldea etorriko da Bergarara.

Eskubaloi saileko arduradun Josetxo Muniategik aurreratu zuen abenduko zubian Akitaniako, Gipuzkoako eta bailarako selekzioen arteko hiruko txapelketa jokatuko dela Labegaraietan. "Neska kopuruan gorakada nabarmena izan dugu azken urteetan; halako ekintza erreferente bat izatea aberasgarria izango da", gaineratu zuen.

Azkenik, futbol sailak infantil eta senior mailetako txapelketa bana antolatu du irailaren 1erako edo 8rako; infantil mailan zortzi talde egongo dira eta senior mailan, lau talde.

Jarraian, pilota, saskibaloi, hockey eta futbol saileko ordezkarien adierazpenak:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak