Apirilaren 16an zabalduko da haur eta nerabeendako udako aisialdi eskaintzan izena emateko epea

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko api. 11a, 15:48

Datorren astelehenean, apirilaren 16an, zabalduko da uda garairako Udalak prestatu dituen haur eta nerabeendako aisialdi kanpainan izena emateko epea. Aisialdi eskaintza horretan leku garrantzitsua izango du kirolak, eta nola ez Udaleku Irekiek. Horrez gain, uretako indusketa arkeologikoa eta astronomia jardunaldia ere egingo dute.

Maite Agirre kultura zinegotziak eta Izaskun Labaien gazteria zinegotziak aurkeztu dute Udalak prestatu duen udako aisialdi eskaintza.

Agirrek azaldu du "haur eta nerabeen ardura erantzukizun publikoa" ere badela; testuinguru horretan, Udalaren nahia da aisialdi hezitzailea bermatzea eta lan eta familiaren arteko kontziliazioa erraztea.

Kirol eskaintza

Kirola, eta kirolak dituen balioak garrantzitsuak dira aisialdi eskaintzaren baitan. "Udako kirol kanpainak erantzun polita izaten du. Azken finean, neguan hainbeste praktikatzen ez diren kirolak landu eta gozatzeko bidea ematen du", azaldu du Labaienek. Txanda bakarreko eta bi txandako ikastaroak egingo dituzte, bakoitzaren nahi eta beharretara egokituta.

Udako beste klasiko bat Udaleku Irekiak izaten dira. Gero eta familia gehiagok erabiltzen duten eskaintza izaten da. Iaz, esaterako, 525 ume ibili ziren Udaleku Irekietan.

Beste hainbat nobedade

Azkeneko urteetan egin duten moduan, Bibliopiszina ekimena garatuko dute, udan irakurzaletasuna bultzatzeko. Beste ekimen berezi bat sormen tailerra izango da. 2006an, 2007an eta 2008an jaiotakoei zuzenduta egongo da.

Nabarmentzeko ekintzak izango dira aurten: uztailaren 3an uretako indusketa arkeologikoa egingo dute Agorrosinen –aurten 3. aldiz–. Uztailaren 18an familia osoari zuzendutako Astronomia jardunaldia egingo dute.

115.000 euroko aurrekontua

2018rako prestatu duten eskaintzak 115.000 euroko aurrekontua du, eta 45.000 euroko sarrera aurreikusten dute. Udako aisialdi eskaintzan izena emateko aukera datorren astelehenean zabalduko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak