Conangles haranean gertatu da ezbeharra, gaur, eguena, goizeko 10:00ak aldera. Generalitateko suhiltzaileek adierazi dutenez, bergararra, ikerketa biologiko bat egiten ziharduten beste bi taldekiderekin batera zegoen, gidari lanetan, hirurak elur azpian geratu direnean. Bartzelonako Unibertsitateko ikerketa batentzako lan egitera zihoazen bitartean gertatu da istripua. Hiruretatik bi bertan hil dira, horien artean, Perez de Arenaza. Hirugarrena, helikopteroz Vielhako ospitalera eroan dute, egoera larrian.
43 urte zituen
Unai Perez de Arenazak 43 urte zituen eta bi seme-alaba txikiren aita zen; 2 urteko semea, Eneko, eta bi hilabeteko alaba, Taiga. Katalunian bizi zen, Lleidako Boi Aranean. Mendia zen haren zaletasuna eta ofizioa. Cannyoning Sierra de Guara enpresako kide zen. Hain justu ere, mendiko gidari bezala aritzen zen, baita erreka eta sakanetako jaitsieretan ere.
Sisha Pangma eta saria
Gazte-gaztetatik mendiarekiko zaletasun handia zeukan. Pol-Pol Mendizale Taldeko kidea zen. Eskalatzen, esaterako, munduko gailurrik garai eta pareta ospetsuenetan aritu zen: Peruko Andeetan, Yosemithen, Patagonian, Himalaian…2004an Shisha Pangma zortzimilakoa (8.013 m) egin zuen. Hain justu ere, 2005ean, saria jaso zuen espedizio horrengatik. Oriol Baro katalanarekin batera, Shisha Pangmako ipar-aurpegian bide berria ireki zuen 2004ko irailaren 27an. 1.000 metroko bidea, 60-70 gradu bitarteko malda zuena. Vall de Boi izena jarri zioten bideari, Lleidako herri horrek finantzatu zuelako espedizioa.
Handik egun gutxira, urriaren 3an, Iñaki Alvarez, Ibon Azkue eta Jesus Mari Erratzu mendizale gipuzkoarrek bide beretik zapaldu zuten Shisha Pangmako gailurra.
Mendizaleen artean nabarmendu zen eta Andres Espinosa saria jaso zuen Perez de Arenazak lorpen horrengatik, 2005ean, Tolosan egindako euskal mendizaleen galan.