Hizlari guztiak bergararrak izango dira Mendi Hamabostaldian

Eneko Azurmendi 2018ko mar. 14a, 15:45

Bergarako Pol-Pol Mendizale Taldearen 75 urte bete zituen 2017ko martxoan, eta orain arteko ekintza guztien ondoren, urteurrena biribilduko duen Mendi Hamabostaldia aurkeztu dute Migel Angel Elkoroberezibarrek –urteurreneko liburuaren idazlea–, Aitor Erañak –75. urteurreneko ekintzen koordinatzailea–, Bittor Alberdik –presidentea– eta Jesus Mari Zabaletak –zuzendaritzako kidea–.

Askotariko hizlariak eta mendizaleak izango ditu protagonista hamabostaldi honek, eta esperientzia eta istorio ezberdinez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Gainera, hizlari guztiak bergararrak izango dira.

Hitzaldiez gain, baina, jardunaldi hauen baitan kokatu dute 75 urteko ibilbidea jasotzen duen liburuaren aurkezpena ere, Migen Angel Elkoroberezibar ikertzaileak idatzi duena. Zapatuan izango da ekitaldia, 12:00etan udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Domekan, berriz, lokal berria inauguratuko dute. "Orain arte zortzi lokal ezberdinetan egon gara. Ea hau betirako izaten den", azaldu du Erañak. 12:00etan izango da inaugurazioa –San Pedro kalea, 10–.

Esan moduan, hainbat hitzaldiz osatuta egongo da Mendi Hamabostaldia, eta lokal berria horretarako egokia denez, saioak han egitea erabaki dute.

Denetarik eskainiko dute jardunaldi hauek: 13 bergararrek Andeetan egindako espedizioa, Iñigo Mujikaren Himalaiako eskalada jardunak, Ramon Loitik Aconcaguan bizi izandakoa, Aitor Zabarte, Aitzol Mendizabal eta Jon Sasigain eskiatzaileen abenturak eta Josean Mulas eskalatzailearen ibilbidearen gaineko filmaren emanaldia eta abar.

Saio guztiei eman nahi izan diete garrantzia Pol-Poleko kideek, baina saio bat azpimarratu gura izan dute bereziki, Diego Dulanto medikuarena, hain zuzen. "Ekitaldi polita izango da Bilbon bizi den mediku bergararrarena. Antzinako argazkiak ekarriko ditu, eta oso interesgarria izango da. Beste mundu bat ukituko dugu, desberdina izango da".

Azkenik, jardunaldietan parte hartzera animatu nahi izan dituzte herritar guztiak, eta aurrerantzean lokal berrira gerturatzeko deia ere egin gura izan diete.

Egitaraua:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak