Pare bat astetan hasiko dira San Antonio auzoaren sarreran dagoen belardia urbanizatzeko lanak. Ordenatzatik kanpo zegoen orube honen esku-hartzeak Victoriano Gallastegi alkate zen garaitik datoz. Duela 20 urte, Udalak, Canalejas tabernaren inguruan zeuden eraikin batzuen erosketarekin hasi zen orube honi erabilera berri bat emateko proiektua. Hurrengo legealdietan ere espazio hau berrantolatzeko proiektuak aurrera egin zuen, eta gune horretan jabe pribatuen eskuetan zeuden eraikinak erosi ondoren, pasa den legeladian, etxebizitza guztiak bota zituzten.
Orain, Udalak, egun belardi soil bat den orubea urbanizatuko du. Martxoaren erdialdean ekingo ditene lanei, eta dena ondo bidean, auzoko jaiak diren San Antonio eguna baino lehen, plaza bukatuta izatea da asmoa.
Auzotarrekin batera
Pasa den urtean, Udalak batzarra deitu zuen auzotarrekin, eta horien premiak ezagutu ostean finkatu du proiektua. Elena Lete alkateak berebiziko garrantzia ematen die iaz auzotarrekin batera jasotako ekarpenei: "Udalaren asmoa da udalerri guztian hobekuntzak egitea, herritarron bizi-kalitatea hobetzea eta irisgarriagoa eta erosoagoa izango den herri bat eraikitzea. Horretarako, ezinbesteko giltza da herritarrekin batu eta entzutea. Hala egin dugu oraingoan ere, eta ziur gaude emaitza denon gustukoa izango dela".
Asmoa da San Antonio auzoko 2. eta 10. zenbakien artean plazatxo bat eta berdegune bat egokitzea. Horrekin lotuta, oinezkoen ibilbidea orube horren erditik bideratuko da; autoentzat gaur egungo sei aparkalekuei hamar aparkaleku berri gehituko zaizkie eta bizikletak aparkatzeko gune bat ere jarriko da. Horrez gain, zebrabidea altxatu eta zabalera emango zaio; farmazia paretik abiatuta biribilguneraino errepidea asfaltatuko da eta argiteria guztia berrantolatuko da. Horrez gain, eskolara oinez doazen gazteentzako babesleku bat ere izango du plazak, proiektuaren zati hau baina, 2018-2019 ikasturtea begira jarriko den elementua izango da.
Lanok 104.786 euroko aurrekontua dute, eta Siesca Construcción y Servicios SA eta Bezel Eraiketa eta Zerbitzuak SL enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) egingo ditu.