Martxoaren 8ko grebaren alde egin du Bergarako udalbatzak, aho batez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko ots. 27a, 14:54

'Emakumeok planto' lelopean mugimendu feministak martxoaren 8rako deitutako grebaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen atzo udalbatzak. Bestalde, Deba ibaian izandako zianuro isurketak eta batzorde informatzaileen berrantolaketak eragin zuten eztabaida gehien, galderen eta eskaeren tartean.

Rafa Amasorrainen kargu hartzearekin hasi zen otsaileko ohiko osoko bilkura. Idazkariak erregeari leiala izango zaion eta Espainiako Konstituzioa bete eta betearaziko duen galdetuta, "legeak hala aginduta" egingo duela erantzun zuen Amasorrainek; txalo artean jaso zuten udalbatzako kideek eta bertaratutako herritarrek.

Herritarren Arreta Zerbitzurako (HAZ) lehen urratsak

Gai zerrendari dagokionez, Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) martxan jartzea onartu zuen udalbatzak aho batez. "Etorkizunera begira ezinbestekoa izango da; helburua da arreta hobetzea eta arintzea", esan zuen Elena Lete alkateak. 2018an 50.000 euroko partida bideratu du gobernuak eta asmoa litzateke, hasiera baten behintzat, udaletxean egokitzea arreta bulego bateratu eta berri hori.

Martxoak 8: adierazpen instituzionala

Bestalde, Emakumeok planto lelopean mugimendu feministak martxoaren 8rako deitutako greba aho batez babestu zuen udalbatzak, adierazpen instituzionala adostuta. Adierazpen horretan honako konpromisoak hartu zituzten, besteak beste: sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatzea, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko; eskumenen alorrean laguntzea zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin; Udaleko politikak genero-ikuspegiarekin garatzea; eta balioen transmisioa azpimarratzea, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen. 

Zianuro isurketa Deba ibaian: "Gertaera oso larria"

Amaieran, galderen eta eskaeren tartean, Irabaziko Aiert Lizarraldek Deba ibaian izandako azken isurketa irmoki gaitzetsi zuen eta adierazi zuen, haren ustez, Udalak gehiago egin dezakeela halakorik ez dadin errepikatu. Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregik aitortu zuen "gertaera oso larria" dela, eta gobernuak uste du istripu baten ondorioz izango zela. URA agentziaren ikerketa txostenaren zain daude, eta emaitza horien arabera neurriak hartuko dira.

Batzordeen berrantolaketa eztabaidagai

Horrez gain, eztabaida gehien batzorde informatzaileen berrantolaketak eragin zuen. EH Bilduk salatu zuen batzordeok zinegotzian agendaren arabera antolatzen direla eta udalean ez dagoela gaiak behar den moduan lantzeko gunerik. Gobernuaren arabera, berriz, batzordeak eraginkorragoak dira iazko irailean berrantolaketa martxan jarri zenetik.

 

Erlazionatuak

Bergarako Udaleko otsaileko osoko bilkura argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018 ots 27 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak