Rezustak ez du jokatuko bihar Bergaran

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 22a, 11:13

Beñat Rezusta pilotari bergararrak ez du biharko partidua jokatuko. Binakako Txapelketako azken jardunaldiko partidua zen jokatzekoa, Bergarako Udal Pilotalekuan bertan. Hala ere, eskua minduta dauka, eta Xabier Erostarbek ordezkatuko du.

Atzo, eguaztena, egin zuten pilota aukeraketa, Aimar Olaizolak eta Ibai Zabalak batetik, eta Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak bestetik. Hala ere, bergararrak ez zuen pilotakada bakar bat ere jo. Eskua minduta dauka, eta finalaurreko ligaxkara sailkatuta daudenez, nahiago izan du ondo errekuperatu, nahiz eta penaz azaldu den herritarren aurrean ezin izango duelako jokatu. "Bilbon nahiko larri bukatu nuen eskuetatik. Finalaurrekoak gertu daude, eta nahiago izan dut atseden hartzea. Polita izango litzateke etxean jokatzea eta alde horretatik pena apur bat badut. Baina pena handiagoa litzateke hemen jokatzeagatik finalaurrekoak galtzea", azaldu du.

Txapelketari dagokionez, atzetik aurrerako bidea egin dute Elezkanok eta Rezustak, eta oso momentu onean iritsi dira azken txanpa erabakigarrira. "Hasieran bi-hiru partidu eduki genituen zalantza batzuekin. Baina gerora gora egin dugu biok, eta momentu honetan ondo gaude".

Dagoeneko erabakita daude finalaurreko ligaxkan ariko diren lau bikoteak:  Elezkano eta Rezusta, Jokin Altuna eta Julen Martija, Aimar Olaizola eta Ander Imaz, eta Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta. Lehia estua aurreikusten du Rezustak. "Oso berdinduta egongo da. Hona iritsi direnak zerbaitegatik iritsi dira, gauzak ondo egin dituztelako, alegia. Bakoitzaren joko puntuak ere zerikusia izango du".

Aitortu du izugarria izango litzatekeela binakako txapela bigarren urtez jarraian irabaztea. Hala ere, azpimarratu du oraindik bide luzea eta gogorra geratzen dela, ez dela batere erraza izango iazkoa errepikatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak