14 komertziok bere produktuak udal pilotalekuan jarri dituzte ikusgai eta salgai. Bedelkarrek antolatuta aukeren azoka egin dute beste behin. Jende asko ibili dela esan dute antolatzaileek; batez ere goiz partean eta eguerdian.
Herritarrek herrian erostea
Azokaren helburua bergararrak herrian geratzea da eta komertzioen eskaintza bertatik bertara ezagutzea.
Zuzeneko musikarekin girotu dute eguna: Bergarako Musika Eskolako Combo taldeak arratsaldean jo du Munizipalean; eta, Big Band taldeak, aldiz, goizean.
1.560 euroko zozketa
1.560 euroko bonuaren zozketa ere egin behar dute gaur iluntzean. Horretarako, Munizipalera joan diren herritarrek euren izen-abizenak eta telefono zenbakia utzi behar izan dute han ipinitako ordenagailuan. Laura Cid Aldamak eroan du saria.
Gipuzkoako bazkundea
Gipuzkoako Bazkundearen laguntza izan dute gaurko ekimena antolatzeko. Mikel Narbartek, Lurralde Sustapeneko teknikariak, azaldu du irailaz geroztik dabilena Bedelkarrekin lanean. "Komertzioak nola hobetu aztertu dugu lehenengo; horrez gain, hilero zozketa bat egingo dugu aurrerantzean", azaldu du. Gaur egin duten aukeren azoka izan da elkarlanean egindako lehenengo ekimena: "Nahi dugu herritarrek ikustea zelako komertzioak dauden herrian, eta zer eskaintzen duten. Gainera, Bedelkarrera komertzio gehiago batzea ere bada helburua. Modu horretan, Bedelkar indartsuagoa izango da eta diru-sarrera gehiago izango dituzte horrelako zozketak egin ahal izateko.