Auzo-taxi zerbitzua jarriko dute martxan Bergaran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko urt. 31a, 11:47

Bergarako auzotarrei zuzendutako zerbitzua jarriko du martxan Udalak. Auzoetara joan-etorria egiteko auzo-taxi zerbitzua izango da. Programan sartu diren auzoetan erroldatuta dauden eta autorik ez duten 16 eta 25 urte bitarteko pertsonei, 65 urtetik gorakoei eta autonomia propioa ez dutenei zuzenduta egongo da. Baldintza horiek betetzen dituztenek txartel bat eskuratu beharko dute udaletxean.

Udalak auzo-taxi zerbitzua jarriko du martxan –egin beharreko tramiteak egin ondoren, otsailean martxan jartzea espero dute–. "Bergarako auzoetako herritarren eskaerari erantzuna eman nahi izan diogu", azaldu du Lander Arregi auzoetako zinegotziak. "Herribusa ez da auzo eta landagune askotara iristen; horregatik, taxi zerbitzuarekin mugikortasuna osatu nahi dugu", dio, eta gaineratu du "helburua da landa eremuetan bizi diren herritarren bizi kalitatea hobetzea".

"Auzoetako herritarrekin egindako batzarretan behin baino gehiagotan esan digute kolektibo jakin batzuek mugikortasunerako premiak dituztela", dio zinegotziak. Hori horrela, Udalak aukera ezberdinak aztertu ostean taxi zerbitzua jartzea pentsatu duela azaldu du Arregik.

Parte hartuko duten auzoak

Programan sartuko diren auzoak dira: Angiozar, Basalgo, Buruñao, Elorregi, Elosu, Goiauzoa, Osintxuko baserri eremua, San Juan, Sanantonabat eta Aldaiegia. Auzo horietan bizi diren eta mugikortasun arazoak dituztenek udaletxean txartel bat eskatu beharko dute, eta txartel hori erakutsi beharko dute taxia erabiltzerakoan.

Bidaia bakoitzeko 3 euro ordaindu beharko du zerbitzuaren erabiltzaileak –pertsona bat baino gehiago joan daiteke bidaian–; eta, bidaia bakoitzeko gainontzeko 9 euroak Udalak ordainduko dizkio taxi gidariari. "Udalak 15.000 euroko partida onartu du 2018rako. Bost taxi batu dira zerbitzua emateko programara", azaldu du Arregik. Gidariak dira: Felix Peralta, Markos Atutxa, Benjamin Zinkudegi, Patxi Lopez eta Carlos Gonzalez.

Zerbitzuaren ordutegia da: astelehenetik egubakoitzera 7:30etik 20:00etara, eta zapatutan 9:00etatik 14:00etara.

Parte hartzeko baldintzak

Programan parte hartuko dute aipatutako auzoetan erroldatuta dauden eta auto propiorik ez duten 16 eta 25 urte bitartekoek, 65 urtetik gorakoek eta autonomia propiorik ez dutenek. "Baldintza horiek betetzen dituztenek Udalean hala egiaztatuta txartel bat eskuratuko dute eta horren bitartez programan sartuko dira", azaldu du Joseba Aizpurua Hirigintza teknikariak.

Zerbitzua erabili gura duenak hiru ordu lehenago deitu beharko du zerbitzua eskatzeko –bezperan ere dei dezake–. Zerbitzua eskatzeko telefono zenbaki bat jarri dute 685 733 283. Udal ordezkariek eskatu dute "Whatsapp aplikazioa erabiltzea" zerbitzua eskatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak