Bergarako Udalak 24.857.000 euro pasatxo izango ditu 2018an herria kudeatzeko. 2017koa baino ia bi milioi eta erdi euro gehiago izango dira, %11ko igoera. Gobernuaren lehentasunezko bi proiektuk eragingo dute bereziki igoera hori: seminario azpiko aparkalekua eta Arrizuriagako lorategia eta jauregia eraberritzea.
Lur azpiko aparkalekua eta Arrizuriaga
Milioi bat eta laurehun mila euro aurreikusten ditu gobernuak seminario azpiko aparkalekua egiteko eta horietatik 1.200.000 euro inguru mailegu bidez lortuko dira. Oraindik, baina, atzoko osoko bilkuran alkateak adierazi zuenez proiektua idatzi gabe dago eta hain justu partida hori bideratuko da proiektuaren idazketatik exekuziora bitartean. Gobernuaren beste proiektu izarra Arrizuriagako lorategia eta eraikina eraberritzearena izango da. Azken proiektu horrek 1.100.000 euro inguruko aurrekontua izango luke eta Espainiako Sustapen Ministerioko diru-laguntza baten menpe egongo litzateke, Letek adierazi zuenez.
Oposizioak gobernuaren proposamenaren aurka bozkatu zuen. Igor Oiarbide zinegotzi jeltzaleak lan kontuengatik bertaratzerik izan ez zuenez eta gobernuaren zein oposizioaren artean berdinketa eman zenez, alkatearen kalitateko botoari esker onartu zen 2018rako udal aurrekontua.
Zorpetzeari dagokionez, joera aldatu
EH Bilduk herritarrekin batera hausnarketa estrategiko bat egiteko gonbidapenaren aurrean EAJren ezezkoa jaso ostean, oposizioko talde nagusiak bi inbertsio nagusien aurrean definizio eta informazio eza salatu zituen.
Irabazik ere kontra bozkatu zuen. Lehentasunen fokua behartsuenengan dutela diote eta gogora ekarri zuten Bergaran 614 langabe daudela. Horrez gain, gobernuari eskatu diote aurrekontuaren lanketa beste era batera egiteko.
Gainera, oposizioko bi taldeek nabarmendu zuten onartu berri den 2018ko udal aurrekontu honek azken urteetako zorpetzearen beheranzko joera apurtu egingo duela.
Interes handiko beste inbertsio batzuk
Bestalde, gobernuaren bi proiektu nagusi horiez gain, interes handiko beste batzuk ere aipatu zituen alkateak. Agorrosingo igerilekuen osagarri izango diren ur jolasetarako 150.000 euro, Miguel Altuna Lanbide heziketaren egoitza berria herrigunearekin lotzeko 250.000 euro, Seminarixoan zine ekipamendua jartzeko 80.000 euro eta arreta bulego bakarra sortzeko 50.000 euro, besteak beste.
Ander Alberdiren agur hunkigarria
Udal aurrekontua onartzeaz gain, orain arte alkateorde eta Ogasun batzordeko buru izan den Ander Alberdik dimisioa aurkeztu zuen, Udaleko lana bere enpresako erronka profesional berriekin bateragarria ez delako. Osoko bilkurako unerik hunkigarriena bizi izan zen Alberdik agurreko mezua irakurri zuenean.