Seminario azpian aparkalekua egitea izango da 2018ko Udal aurrekontuetako "erronka nagusiena"

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko abe. 15a, 12:25

Bergaran, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak 24.857.039,70 euroko aurrekontu proposamena dauka mahai gainean 2018rako. Elena Lete alkatearen esanetan "erronka nagusiena" Seminario azpian aparkalekua egitea izango da; 1.400.000 euroko partida zehaztu dute horretarako.

2018ko aurrekontuetako gastua iazkoa baino bi milioi euro eta erdi handiagoa izango litzateke, %11 handiagoa, eta inbertsio errealak hiru milioi eurokoak izatetik 5,2 milioi eurokoak izatera pasatuko lirateke.

Aurten gainera, Udal langileengana jo dute dagozkien alorretan duten ezagutzarekin aurrekonturako proposamenak jasotzeko, eta ekarpen horiek batuta osatu dute proposamena.

Seminario azpiko aparkalekua

2018rako proiektuen artean, "erronka nagusia" izango da seminario azpian aparkalekua egokitzea. Hauxe adierazi du Elena Lete alkateak: "2018ko Udal aurrekontuaren erronka nagusiena Seminario azpian aparkalekua egitea izango da, zalantzarik gabe herritarren kezka nagusienetako bat baita herriak duen aparkaleku falta".

Aurrekontuetan 1.400.000 euroko partida bideratzea proposatzen du Gobernuak –ahal bada, obrak exekutatzea espero dute– eta, horretarako, 1.120.000 euroko kreditua eskatuko litzateke. Adierazi dute "zuhurtziaz jokatuz", Udalak dagoeneko plan ekonomikoa finantzieroa egin duela, "nahiz eta legeak ez behartu egitera 2018ko amaiera arte".

Beste partida aipagarri batzuk

Beste partida garrantzitsu batzuk bideratzea aurreikusten da Arrizuriaga jauregia eta lorategia berreskuratzeko (1.111.000 euro, baina hori baldintzatuta egongo da Madriletik, Espainiako Sustapen Ministeritzatik jasotzea espero den diru-laguntzari, 900.000 eurotakoa), Boluko lur-jausiaren eremuaren konponketarako (370.000 euro), Miguel Altuna Lanbide Heziketaren egoitza berrirako bidea egokitzeko (250.000 euro), edota mugikortasun planaren hasierako finkapenerako (250.000 euro).

Gainera, iaz abiatu zen parte-hartze prozesuarekin jarraituko da 2018ko aurrekontuetan, eta 150.000 euro bideratuko dira udako igerilekuetako ekipamendua hobetzera.

Aipatzea merezi duen beste partida bat da Seminarixoa aretorako zinema ekipamendua jartzea (80.000 euro); hala, bergararrek irailerako zinema izatea espero dute.

Bestalde, herritarrekiko arreta zerbitzua hobetzeko "lehen pausoak" emango dira, udal zerbitzu guztien berri bergararrei mahai bakar baten ematea ahalbidetuko duena (50.000 euro).

Eta diru kopuruari dagokionez partida oso inportanteak ez badira ere, Gobernuak beste batzuk ere azpimarratu ditu; tartean, azoka indartzeko 20.000 euro. Entzumen urritasuna dutenei zuzendutako zerbitzua eskaintzea ere bada beste asmo bat, eta esaterako, Euskuaire proiektuko kide bat izan da prentsaurrekoan, alkateak esandakoak zeinuen hizkuntzara itzultzen.

Osoko bilkura, urtarrilaren 29an

Proposamenak proposamen, eta oposizioko alderdiekin lehen bilera egin ostean, orain, hilabeteko epea irekiko da negoziazioetarako. Udal aurrekontua urtarrilaren 29ko osoko bilkuran onartzea espero da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak