EH Bilduko ordezkariek adierazi zutenez, Udal Gobernuak esan zien azaro erdialderako luzatuko zietela proposamena, baina ez denez horrela izan oposizioko talde nagusiak erabaki du euren lehentasunen berri ematea gobernuaren proposamena jaso aurretik.
Eskaera zehatzak
Hainbat proposamen zehatz dituzte esku artean, eta horien artean nabarmendu dute, adibidez, zenbait osoko bilkuratan irten den mugikortasun plana egitearen beharra. Erdigunean aparkaleku gehiago ahalbidetzeko azterketa bat egitea, bizikletendako aparkaleku estaliak egokitzea eta bidegorri sarea osatzen jarraitzea eskatzen dute bereziki.
Horrez gain, abenduaren 24an Mari Domingi eta Olentzero hartzeko lehenengoz ateak irekiko dituen Seminarixoa aretorako zinema ekipamendurako inbertsioa ere eskatu dute. Era berean, 2017an Udalarendako buruhauste iturri izan den beste gai bati 2018an irtenbidea emateko eskaera ere egin dute EH Bildu udal taldekoek. Agorrosingo leku arazoari alternatibak bilatu behar zaizkiola uste dute, eta horretarako ur parkeak aukera bat izan daitezkeela uste dute.
Beste proposamen batzuen artean daude, besteak beste, auzoetarako inbertsioen artean bereziki Osintxu biziberritzea eskatzen dute; helduen egoeraren eta beharren gaineko azterketa bat egitea eta jolas leku estali bat egokitzea.
Akordiorako aukera
Oposizioko talde nagusiak uste du gobernuarekin akordio batera heltzeko aukerak badaudela. Ez dute uste iazko formula egokia deni: "Iaz 80.000 euro gorde zituzten oposizioarendako. Ez dugu uste akordioetara heltzeko bide bat denik; aurrekontu osoaren oso portzentaje txikia da, oposizioaren lana islatzeko ez da partida duina. Gainera, ez dugu uste zenbaki baten gorabeheran adostu behar denik aurrekontua", esan zuen Leire Iruinek.