Maider Aginagak eta Iker Belintxonek irabazi dute dantza suelto txapelketa, hirugarrez jarraian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2017ko aza. 26a, 15:52

Euskal Herriko bikote gazteen 40. dantza suelto txapelketa jokatu dute Bergaran. 21 bikotek parte hartu dute txapelketan; txapela eta zapia eroan dute Lezoko Maider Aginagak eta Iker Belintxonek. Hirugarren aldia da Lezoko bikoteak txapelketa irabazten duena. Dantzariek "pausoan duten intentsitatea" eta "bikote moduan duten harmonia" nabarmendu dute epaimahaikideek saria ematerakoan.

21 bikote lehiatu dira Bergarako Udal pilotalekuan Euskal Herriko bikote gazteen 40. dantza suelto txapelketan. Txapelketak ez du formatu aldaketarik izan; urtero egiten duten moduan bikote bakoitzak fandango bat eta arin-arin bat dantzatu behar izan du. Dantzarien biltzarrak zehazten du txapelketaren formatua eta epaimahaia.

Parte hartu duten bikote ia gehienak gipuzkoarrak izan dira, bi izan ezik; bikote bat Sopelatik etorri da eta beste bat Gasteiztik.

Epaimahaiaren iritzia

Bikote guztien abileziak ikusi ondoren, epaimahaiaren iritzia iritsi da. Ondokoak izan dira sarituak:

  • 1. Saria: garaikurra, txapela, zapia eta 180 euro. Maider Aginaga eta Iker Belintxon (Lezo).
  • 2. Saria: garaikurra eta 160 euro. Itziar Bastida eta Anatz Lizartza (Azpeitia).
  • 3. Saria: garaikurra 150 euro. June Elortza eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia).
  • 4. Saria: garaikurra 140 euro. Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia).
  • 5. Saria: garaikurra eta 130 euro. Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia).

Jantzi egokienari saria: garaikurra. Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun).

Irabazleak pozik

Aginaga eta Belintxon bikotea pozik agertu da emaitzarekin. Sei urte daramatzate elkarrekin dantzan eta hori oholtza gainean igarri egiten dela esan dute. "Astean birritan entseatzen dugu, eta txapelketaren bat dagoenean gehiagotan", azaldu dute. Hirugarren aldiz jarraian txapela irabazteko sekretua "entseatzean" dagoela gaineratu dute. Aurten 15 urte dituztenez, datorren urtetik aurrera ezingo dute bikote gazteen txapelketan parte hartu –16 urtetik azpikoendako da–. Hortaz, nagusien txapelketan ahaleginduko direla esan dute.

Epaimahaiak kontuan hartzen duena

Nahikari Bizueta epaimahaikideak azaldu du bost puntu izaten dituztela kontuan dantzak baloratzerako orduan: pausoa egiteko duten teknika; gorputzeko goiko parteko mugimendua; alde artistikoa; erritmoa; eta, hutsegiterik dagoen. "Aginaga eta Belintxon bikoteak pausoan duen intentsitatea baloratu dugu, eta bikote osoa direla, harmonia handikoa" azaldu du Bizuetak irabazleen inguruan galdetuta.

Hirugarren aldiz jarraian txapela lortu dutela kontuan hartuta, nabarmen irabazi dutela pentsa daiteke, baina Bizuetak esan du ez dela horrela izan, "lehia polita" egon dela txapelketan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak