Bergara herri miresgarri bihurtuko dute Alizia musikalaren estreinaldia aprobetxatuz. Azaroaren 11n eta 12an izango dira emanaldiak –18:30ean, Bergarako Udal pilotalekuan. Estreinaldiaren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte. Bai zapatuan eta baita domekan ere, 11:30etik 13:30era makillaje gunea, eskulan gunea eta xake erraldoia egingo dituzte. Zapatuan Irala kalean izango dira ekintzak eta domekan San Martin plazan –eguraldi txarrarekin Seminarioko karpan.
Bisita gidatua
Bergara herriak zientziarekin eta historiarekin izan duen lotura nabarmendu dute antolatzaileek. Hala, bai herritarrek eta baita kanpotik etorritakoek Bergara hobeto ezagutzeko asmoz bisita gidatua ere egingo dute. 11:30ean izango da bisita gidatua Laboratoriumean hasita.
Mozorrotuta joateko gonbidapena
Edurne Korta kultura teknikariak, Maite Agirre kultura zinegotziak eta Marije Ugalde Bergarako musika eskolako zuzendariak herritarrak animatu dituzte ekintzetan parte hartzera. Gainera, gonbidapena egin die gaztetxoenei mozorrotuta joateko: "Goizean egingo diren tailerretan makilatzeko aukera izango dute", azaldu du Ugaldek.
Sarrerak salgai daude
Internet bitartez eros daitezke sarrerak www.ticket.kutxabank.es atarian; eta, egunean bertan ordubete lehenago zabalduko dute leihatila sarrerak saltzeko. Bi emanaldiak kontuan hartuta 1.700 sarrera inguru jarri dituzte salgai.
"Musikala Broadway estilora egin dugu: zuzuneko musikarekin, dantzariekin eta aktoreekin. Ia 100 lagunek parte hartuko dugu. Betiko musikal bat da baina gaurkotua: bullying-a, internet... gaiak landuko ditugu", azaldu du Ugaldek. "Zaila" izan dela baina "merezi" izan duela gaineratu du.
Herritarrak animatu dituzte musikalaz gozatzera. Horrez gain, eskerrak eman diete Bedelkar elkarteari, Xake taldeari eta herriko komertzioei.