Bergarako beste 44 komertziok egin dute bat euskara bultzatzeko Idazlaguna egitasmoarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urr. 25a, 17:00

Merkataritzako eta ostalaritzako hizkuntza paisaian euskarak lekua izan dezan laugarren kanpaina abiarazi dute. Parte hartzen duten herritarren artean 60 euroko bi erosketa-txartel zozketatuko dituzte azaroaren 7an.

Herriko hizkuntza paisaian euskarak gero eta presentzia nabarmenagoa izan dezan pausoak ematen jarraitu gura dute Jardun euskara elkarteak, Bergarako Udalak eta herriko merkatariek. Hala, Idazlaguna egitasmoaren laugarren kanpaina aurkeztu dute gaur eguerdian.

Agerraldian izan dira Jardun euskara elkarteko Amaia Etxebarria, Bergarako Udaleko ordezkari Izaskun Labaien eta Gorosti lore dendako arduradun Irene Zenitagoia. "Oso inportantea da uneoro begietatik sartzen zaigunak hizkuntzaren ezagutzan eta eragileran eragina duelako", adierazi du Bergarako Udaleko ordezkari Izaskun Labaienek. Hala, hizkuntza paisaian eragiteaz gain kanpainaren bestelako helburuen artean aurkitzen dira programa ezagutzera ematea, herritarren artean euskararekiko sentsibilizazioa piztea eta hizkuntza paisaia euskalduntzeak duen garrantziaz jabetzea.

100 komertzio eta 60 boluntario

Komertzioko kartelak eta errotuloak euskaratzeko laguntza behar duten merkatariak eta laguntza hori eskaintzeko moduan diren herritarrak elkartzea du helburu Idazlaguna egitasmoak. Honezkero, Bergarako ehun bat komertzioak eta 60 bat boluntariok egin dute bat ekimenarekin.

Idazlaguna egitasmoan zabalik dituzte ateak boluntario moduan jardun nahi duten guztiendako eta baita ere programara gehitu nahi duten komertzio guztiendako.

44 komertzio berri eta bi sari

Hiru kanpaina egin dituzte aurretik. Lehenengoa jatetxeekin eta tabernekin egin zuten, bigarrena janari dendekin, eta hirugarrena jantzien eta oinetakoen dendekin. Oraingoa, laugarrena, bestelako komertzioei zuzendutakoa izango da, eta 44 komertzioak eman dute izena. Bitxitegiak, farmaziak, estankoak, konponketa dendak, altzari dendak, burdindegiak, informatika dendak, tindategiak… daude horien artean.

"Kanpaina berriak aukera emango du denda horien guztien produktuen hiztegia lantzeko eta parte hartzeko bi aukera daude", azaldu du Jardun euskara elkarteko Amaia Etxebarriak. "Batetik, kanpainan parte hartzen duten dendetan erosketa egiteak 60 euroko erosketa-txartel baten zozketan sartzeko aukera emango du. Bestetik, hitza eta irudia lotu jokoa dugu. Bete beharreko fitxa bat da. Udaletxeko sarreran, kultura etxean, eskoletan eta Agorrosin gunean daude ipinita. Bete eta horretarako dauden kutxetan sartu behar dira edo bidal daitezke bai whatsapp bidez —605 712 469— bai idazlaguna@gmail.com helbidera".

Parte-hartzaileen artean 60 euroko beste erosketa-txartel baten zozketa egin dute. Bi zozketak azaroaren 7an egingo dituzte.

Merkatariak ere pozik

Idazlaguna egitasmoan parte hartzen duten merkatarien izenean Gorosti lore dendako Irene Zenitagoiak adierazi du programa oso interesgarria iruditzen zaiola eta bere kasuan oso lagungarria izan dela. "Animatzen ditut Bergarako merkatariak parte hartzera eta herritarrak boluntario moduan izena ematera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak