Galdeketan parte hartu duten auzotarren gehiengoak Boluko pilotalekua estaltzearen alde egin dute gaur. Baiezko botoak 245 izan dira, eta ezezkoak, 184. Horrez gain, herritar batek txuri bozkatu du.
Gaurko egunean 367 pertsonek eman dute botoa, eta aurretiaz, berriz, 63 pertsonak. Aranerreka, Koldo Eleizalde, Iriburu eta Bolua kaleetako bizilagunak zeuden deituta, 1.256 herritar, hain zuzen.
Emaitza horrekin, eta galdeketa loteslea izan delarik, Bergarako Udalak aurrera egingo du frontoiari estalkia jartzeko proiektuarekin. Gai honen inguruan egindako parte hartze saioetan auzotarrek udalak proposatutako hiru aukeretatik bat hautatu zuten, eta diseinu horrekin aurrera egin ala ez izan da gaur erabaki beharrekoa.
Hala, urtea bukatu aurretik frontoiak estalki berria izango duela aurreikusten dute udaletik. Proiektu horren kostua 190.000 euro ingurukoa izango da, irisgarritasuna bermatzeko, argiteria egokitzeko eta soinu murrizketa bermatzeko lanak barne hartuta.
Alkatearen balorazioa
Boto zenbaketa bukatu berritan, Elena Lete alkateak galdeketaren inguruko balorazio positiboa egin du: "Bergaran egindako lehendabiziko auzo kontsulta izan da, eta parte hartzea dezentekoa izan da, deitutakoen ia herenak bozkatu baitu". Hala, Udalak parte hartzea bultzatzen jarraituko duela dio alkateak.
Emaitzari dagokionean ere pozik azaldu da Lete. Izan ere, hauteskunde kanpainan iragarri zuen Bergarako EAJk lan horiek egiteko asmoa.