Mireia Ibabek eta Eneko Arbeok txapela jantzi dute Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketan

Maite Txintxurreta 2017ko abu. 22a, 14:49

37. edizioa Zeanurin jokatu zuten joan den astean, eta parte hartu zuten sei bikoteen artean pandero jotzaile bergararrak eta soinu jotzaile azpeitiarrak erakutsi zuten mailarik onena. 

Bikoteak lehenengoz irabazi du txapelketa hau, eta Ibabek azaldu du ez zutela txapela irabaztea espero. Hala ere, "oso pozik" hartu dute saria.

Bergararrak gaizki ohituta dauzka etxekoak zein jarraitzaileak; izan ere, azken urteotan txapelketa desberdinetan hainbat sari eskuratu ditu, pandero jotzaile onenarena bezalako banakako sariak zein bikotekakoak. Hala ere, lehiakortasunak ez du itsutzen: "Egia esan, gure helburua ez da izaten irabaztea. Entsegutan ordu asko pasatu ostean, oholtza gainean ondo aritzen bagara, gu pozik geratzen gara. Lehia ez da gure helburu nagusia, baina egia da horrenbeste lan egin ostean oso gustura hartzen dela saria".

Zeanuriko txapelketan oholtza gainean sentsazio oso onak izan ei zituen bikoteak, eta denborarekin landutako konplizitate horrek eman ditu bere fruituak. Duela lau urte hasi ziren batera jotzen, eta euren arteko laguntasun hori "oholtzan ere igartzen da", Ibabek dioen moduan.

Lau pieza jo behar izan zituzten bikoteek, eta bat aukeratzekotan, Arin-Arinarekin bereziki gustura geratu zirela dio Ibabek. Ezagunegia ez den pieza bat aukeratu zuten, eta zenbait moldaketa eginda, emaitza polita atera zitzaien.

Euskadiko txapelketatik bueltan, entseguekin jarraituko du bikoteak, aurki beste bi hitzordu baitituzte. Hala, irailaren 6an Zarauzko txapelketan hartuko dute parte, eta horren ostean, berriz, Artadin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak