10 urtez, egunero luzatzen

10 urte bete dira dagoeneko Bergarako Agorrosin kiroldegian erretiratu talde bat luzaketa ariketa batzuk egiteko batzen hasi zenetik. 70 pertsona inguru pasatu dira bertatik urte guzti hauetan eta orain ere talde handia batzen da.

Duela hamar urtez geroztik, erretiratu talde bat egunero elkartzen da Agorrosin kiroldegian, luzaketa ariketa batzuk egiteko. Egitasmo honen sortzailea Pili Arin bergararra dela esan daiteke: “Hasieran bakarka egiten nuen. Gimnasioan ariketa batzuk egiten nituen, eta jendeari interesa piztu zitzaion. Nik esaten nien nire ondoan jarri eta gauza bera egiteko. Ahoz aho herrian zabaltzen joan zen, jendea batzen hasi zen eta azkenean gela bat eskatu behar izan genuen egunero ariketa hauek egiteko. Herri ekimen bat da”, adierazi du Arinek.

Astelehenetik egubakoitzera, 9:00etan hasi eta 20 minutuko saioa egiten dute. Hamazazpi luzaketa ariketa egiten dituzte saio bakoitzean, Arinen esanetan, oso osasungarriak direnak. “Beroketa moduan oso interesgarria da eta adineko pertsonentzat, gainera, derrigorrezkoa iruditzen zait edozein ariketa fisiko luzaketa on batzuk eginez hastea”, dio.

Bi zatitan banatzen den metodo bat erabiltzen dute saio hauetan. Alde batetik, tentsio lana dago. “Hemen giharrei lan bat exijitzen zaie, mugimendurik egin gabe”. Ondoren, posizio batetik bestera aldatzen da, giharra luze-luze eginda dagoela. “Giharrak eman egiten du. Egunero egin ezkero, artikulazio mailan oso bigun gelditzen da gorputza, eta gure adinerako oso egokia da hori”.

Luzaketa saio hauetan parte hartzen dutenek, helburu ezberdinekin egiten dute. Batzuek ondorengo ariketa fisikorako beroketa gisa erabiltzen dute eta beste batzuek, aldiz, giharrak luzatzeko, besterik gabe. “Batzuk pilates egiten dute ondoren, beste batzuk gimnasiora joaten dira eta beste batzuk paseo bat ematera. Denetarik egiten duen jendea dago”, azaldu du Arinek.

Helburua, egunero egitea

Hamar urte hauetan 70 pertsona inguru pasatu dira talde honetatik, eta batzuk kiroldegira joan ez arren, etxean egiten jarraitzen dute, Arinen arabera. “Ariketak buruz ikasten ditu jendeak eta hona etortzeari utzi. Izan ere, edozein espaziotan egin daitezke luzaketa hauek, esterila batekin edota alfonbra batekin. Hala ere, hona etortzea eta diziplina bat jarraitzea ere garrantzitsua dela uste dut”, dio.
Egun batzuetan talde handia batzen da eta beste batzuetan, aldiz, txikia. Nolanahi ere, ariketa hauek egunero egitearen inportantzia azpimarratu du Arinek.

Ateak zabalik

Arinek adierazi du bera “beti prest” dagoela interesa daukanari ariketa hauek erakusteko, eta bide batez, saio hauetara gerturatzeko deia egin gura izan die herritarrei. “Baldintza bakarra kiroldegiko bazkide izatea da. Gainontzean, nahi duenarentzat ateak zabalik ditugu. Etorri, probatu eta ikasi, ni laguntzeko egongo naiz. Adibidez, Eibarren eta Antzuolan egon izan naiz horrelako taldeetan zuzenketa txiki batzuk egiten. Horrez gain, pare bat hitzaldi eman nituen, eta jendea konbentzitu nuen parte hartzeko”.

10. urteurrena

Esan moduan, aurten bete dira hamar urte taldea luzaketa ariketa hauek egiteko elkartzen hasi zenetik. Hori dela eta, urte hauetan guztietan taldetik pasatu diren gehienak elkartu ziren kiroldegian bertan pasa den maiatzean, lunch bat egin eta elkarrekin momentu on bat pasatzeko asmoarekin. Goian ikusi daiteke orduan atera zuten talde argazkia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.