Askotariko ekintzak izango dira Bergaran. Gazte zein helduentzat zuzendutakoak. Goizean goizetik hasiko dira, eta, gaueko kontzertuekin emango zaie amaiera. Beste batzuen artean, puzgarriak, Candem Town, Erraldoiekin kalejira, magia, musika-poteoa, afaria... izango dira.
Esaterako, gaueko 23:00etan kontzertua izango da eta, besteak beste, Doctor Deseoko abeslariak, Francis Diezek, emanaldia eskainiko du; baita Bergarako beste bizpahiru taldek ere, oraindik zehaztu barik daudenak. San Martin plazan izango da. Aurretik, herri afaria izango da. 200 txartel aterako dituzte, baina Mendekoste jaien ostean jarriko dituzte salgai. Herriko denda eta tabernek eta Ausolagun-ek doan emandako jan-edanekin.
Goizaldeko 02:30ean, gaztetxean kontzertuekin jarraituko dute, eta bertan ateratako dirua ere bergarar gaztearentzat izango da.
Egun berezi hau antolatzeko herriaren inplikazioa funtsezkoa izan dela azpimarratu du Jon Ander Garitano Igam-eko kideak. Egindako ekintza hauen guztien helburu nagusia, dirua biltzea da eta horretan ibili dira buru belarri Igam-ekoak eta bergararrak.
Dirua biltzeko kamisetak -berdeak atera berri dituzte, urdinek izandako arrakasta itzelaren ostean- eta txartelak erosteko aukera dago eta, sarrerak oraindik atera ez dituzten arren, ekainaren 17an antolatu den afariarekin ere dirua bildu nahi dute.
Arratsalde partean, 17:00etan, Bolu auzora helduko da Gorla aldetik Igam-eko ibiltari talde bat. Egun horretan, Donostiatik abiatuta bergara arteko ibilbidea oinez egingo dute-eta.
Egitaraua
- 11:00-14:00 Puzgarriak umeendako eta jolasak Jardunekin, San Martin plazan.
- 12:30-13:30 Candem Town dantza akademia eta Moises Azpiazu dantza taldearen ikuskizuna.
- 17:00 Igam taldeari harrera Bolura.
- 17:00-18:00 Kalejira Erraldoiekin, soinujoleekin eta Udal Txistulari Bandarekin Bolutik Frontoira.
- 18:00-19:30 Kontzertua Udal Pilotalekuan: Alai Taldea, Aritzeta abesbatza, Bergarako Orfeoia, Jardun, Musika Eskola, Bergarako Orkestra Sinfonikoa, Bergarako Musika Banda, San Joxepe abesbatza eta Udal Txistulari Banda (sarrerak 4 eurotan salgai).
- 19:30 Magia ikuskizuna Le Bart magoarekin San Martin plazan.
- 19:30 Musika-poteoa herriko kaleetan.
- 21:30 Herri afaria San Martin plazan (euria eginez gero, Aranzadi Ikastolako gimnasioan).
- 22:30 Zozketa San Martin plazan.
- 23:00 Kontzertuak San Martin plazan: Moittuai, Azkaiter Pelox eta Diablues & Bluecifer, Fly Shit, Francis Diez (Doctor Deseo) eta Asea.
- 02:30 Gaztetxean jarraituko du festak.
Beart elkartearen koadroak
Bestalde, herriko artisten elkarteak, Beartek, 40 koadro eman ditu ekimenerako. Artelan horiek Bergarako dendetako erakusleihoetan daude ikusgai eta erosgai. Salmentatik jasotzen den dirua Leire Martin Pinedarentzako eta Fundame elkartearentzako izango da. Ekimenaren aurkezpen ekitaldian izan zen Bearteko presidente Carlos Galarraga ere.