Holokaustoaren biktima izandako Pedro Jose Axperi omenaldia egingo diote

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 3a, 11:25

Memoria historikoari eta bizikidetzaren aldeko pauso baten berri emateko holokaustoaren biktima izandako Pedro Jose Axpe Sagasta bergararra omenduko du herriak zapatuan. Hala, Munibe plazan plaka bat jarriko da bere omenez.

La Ilusion, Amical de Mauthausen, Intxorta 1937 elkarteak eta Bergarako Udalak eraman dute aurrera ekimen hau, eta omenaldia maiatzaren 6an, 13:00etan, Munibe plazan izango dela adierazi zuten atzoko prentsaurrekoan.

Ekitaldiaren berri eta Axperen bizitza: Elena Lete bergarako alkateak, Intxorta elkarteko Mikel Gomezek, La Ilusion elkarteko Florentino Mariñelarenak eta Juan Fran Murillo Amical de Mauthausen elkartekoek kontatu zuten.

Ekitaldiaz gain hitzaldia

Zapatuko ekitaldian Pedro Jose Axperen familiar batek hitz batzuk esango ditu, lore sorta eskaintza eta aurreskua egingo dute, eta plaka bat jarriko da Axperen omenez.

Omenaldiaz gain, bihar eguena, hitzaldia ere izango da pleno aretoan 18:30ean. Kontextu historikoa hobeto ulertzeko erakusketa jarriko dute, eta La Ilusion elkarteko Florentino  Mariñelarenak eskainiko du hitzaldia.

Axperen bizitza

Bergaran jaio zen, 1906ko irailaren 20an. 12 urte zituela Aretxabaletara joan zen bizitzera, 1918an, San Martin auzora. Egoera zibila, ezkongabea. Politikoki Union Republikana eta Gaztedi Sozialista Batuko kidea zen, UGT sindikatukoa eta Nazioarteko Sorospen Gorriko herriko komiteko partaidea.

1934ko urriko iraultzan aktiboki hartu zuen parte; atxilotu eta hamasei urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Iruñeko San Kristobal gotorlekuan egon zen preso, 1936 hauteskundeen ondoren Fronte Popularreko gobernuak amnistia eman zuen arte.

Borrokaldiaren lehen egunetik miliziano sartu zen Aretxabaletako Errepublikaren Defentsa Komitean. Geroago, batailoiak eratu zirenean, Dragones batailoian sartu zen (2. konpainian); horrekin parte hartu zuen honako fronte hauetan: Kanpazar, Murugain-Untzila, Barazar, Udala-Intxorta lerroa, Euba, Lemoako Aitza, Gallo (burdin gerrikoa) eta batailoiaren erortzean Santoñan. Batailoi-kide asko eta asko harrapatu egin zituzten, beste batzuek borrokan jarraitu zuten Santander eta Asturias aldera, beste batailoi batzuetan sartuta, eta beste batzuek –Pedro Josek esaterako– ontziratzea lortu, Frantziara jo eta handik, Perpignan-etik, Kataluniara pasatu ziren. 1938ko uztailaren 3an gerra-industrietara mobilizatu zuten, zalantza barik eskumako atzamar lodia galduta zuenez ez zelako gauza izango borrokatzeko. 1939ko hasiera aldera Franco ixten zihoan errepublikarren setioa, Katalunia erortzear zegoen, eta milaka soldadu eta errefuxiatuk muga alderantz jo behar izan zuten.

Pedro Axpe Frantzian honako errefuxiatu-eremu hauetan egon zen: Saint Cyprien (Dordogne), Le Barcares (Pyrénées-Orientales) eta Gurseko eremua (Pyrénées-Atlantiques). Azken horretan euskaldun askorekin egin zuen topo; esaterako, aretxabaletar hauek: Santiago Urkia Zabaleta, haren semea Julio Urkia Orense eta Roman Olabe Zubillaga.

1940ko ekainean, alemaniarrek Frantzia okupatu zuten. Milaka errefuxiatu errepublikarren etorkizuna kolokan zegoen. Errefuxiatu-eremuetatik kontzentrazio-eremuetara pasa ziren. Pedro Axpe kontzentrazio-eremu hauetan egon zen: Idron (Pyrénées-Atlantiques), Agde (Herault) eta Noé (Haute-Garonne).

1944ko abuztuaren 9an, Bordeleko stalag-era eraman zuten, eta azkenean, urte bereko abuztuaren 28an, deportatu egin zuten Alemaniako Dachau kontzentrazio-eremura. Han, sei hilabete besterik ez zuen iraun; errepide-bazterrean utzi egin behar izan zuten, lan behartuak egiten zegoenean lan-taldeari jarraitu ezinik
geldituta. Bertan hil zen, abenduaren 18an, Holokausto naziaren biktima.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak