Street Style Gaua azoka urbanoa, maiatzaren 6an Santa Ana parkean

Eneko Azurmendi 2017ko mar. 29a, 11:42

Lehenengo aldiz egingo dute Street Style Gaua izeneko azoka urbanoa, Bergarako Santa Ana parkean. Gaur egun modan dauden produktu eta material berrerabilgarriekin osatutako azoka izango da, eta ekintza berezi moduan, jantzi lehiaketa egingo dute, 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu ahal izango duena.

"Parte-hartzailea neutro jantzita etorri beharko dira, hau da, kamiseta zuri bat eta fraka bakeroekin. Zozketa bat egingo da, jakiteko zein dendetan hartuko dituzten arropak eta osagarriak, look bat sortzeko. Ondoren, pasarela batean erakutsi beharko dute", dio Bedelkar elkarteko lehendakariorde Ainhoa Garitanok.  

Horretarako 30 minutu izango dute parte-hartzaileek, eta ezingo du saltokietako kideen aholkurik jaso. Ondoren, herritarrek erabakiko dute, boto bidez, zein den look irabazlea.

Lehiaketa hau izango da azokako ekintza garrantzitsuena, baina horrez gain, herriko musika talde ezberdinek osatutako kontzertu bat ere egongo da. "Bergarako musika talde batzuekin, kontzertu bat egin gura dugu, eta taberna bat ere jarriko dugu", azaldu du Garitanok.

Guztira herriko 15 komertziok hartuko dute parte eta bakoitzak bere postua izango du azokan. Hain zuzen ere, postu hauetan erosketak egiteko bonuak banatuko zaie, bai lehiaketako irabazleari eta baita botoa ematen duen herritar irabazlearentzat ere.

Izen-ematea, apirilaren 3tik aurrera

Lehiaketan parte hartzeko izen-ematea apirilaren 3an zabalduko da eta horretarako, 616 727 592 telefonora deitu edota whatsapp mezua bidali beharko da, izen-abizenak, telefono zenbakia eta jaiotze data emanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak