145 bat lagunendako lekua izango dute harmailek; Sasoi eraikuntzak enpresa ari da lanok gauzatzen, 152.000 euroko aurrekontuarekin –BEZ gabe–.
Lanak bukatzeko geratzen diren lau asteetan alkateak ez du uste gorabeherarik izango denik. Izan ere, azken bi hilabeteetan egin dira lanik zailenak eta aurrerantzean azken erremateak emango dizkiete Sasoi eraikuntzak enpresako langileek. "Kristalak muntatzea, itxiturak, teilatua eta aulkiak jartzea falta da, askoz gehiago ez", adierazi zuen obraren zuzendari Josu Arangurenek. Proiektua Imara enpresak garatu du.
Herritarren ekarpenak aintzat hartzen
Proiektua esleitzerako orduan Bergarako Udalak orain arte erabili gabeko formula bat erabili zuen. "Ingeniaritza enpresaz gain, partaidetzako enpresa bat kontratatu genuen", esan zuen alkateak. Erabaki horren helburua izan zen hasieratik herritarren beharretara ahalik eta ondoen egokitzen zen proiektua idaztea. Hiru izan ziren herritarren zein Agorrosingo tabernako arduradunaren partetik jaso ziren proposamen nagusiak: "Irisgarritasuna bermatzeko arrapala kiroldegitik egin beharra zegoen eta horretarako lekua aldatu egin zen; proposamena jaso, baloratu eta ontzat eman genuen", dio Letek.
Onartu zen beste proposamen bat izan zen eskailerak atzealdean beharrean aurrealdean jartzea eta bukatzeko, eskatu zen atzealdean biltegi batzuk egokitzea; biltegietarako 100 bat metro koadro egokitu dituzte. Gainera, baldintza agirietan jasotzen zen futbol zelaia erabilgarri egon behar zela obrek iraun bitartean.
Obretan baina zabalik
Obretan baina zabalik ekimenaren barruan antolatu zen atzoko bisita. Besteak beste, futbol saileko ordezkariak eta Aspacekoak gerturatu ziren. Izan ere, kiroldegiko tabernatik zuzenean joango den pasabideak %6ko malda izango du, gurpildun aulkian doazen pertsonendako egokia dena. Aurrerantzean, beraz, ez da aitzakiarik izango Ipintzako futbol partiduetara ikusle moduan joateko.