Promesen mailan Jon Alberdi azpeitiarra eta Ioritz Egiguren tolosarra aritu ziren txapela irabazteko lehian. Partidu oso ona, parekatua eta bereziki gogorra izan zen. Alberdik partiduko gakoak zeintzuk izan ziren azaldu zituen: "Amaieran, biok nekatuta geundela, sakearekin min askotxo egin diodala iruditzen zait".
Nagusien mailako finala ere parekatuta hasi zen. Peru Labaka zizurkildarrak eta Xabi Santxo usurbildarrak tanto ederrak utzi zituzten hasieran, markagailuko 8 eta 11kora arte. Hortik aurrera Labakak behera egin zuen nabarmen eta Santxo bakarrik izan zen Bergarako udal pilotalekuko kantxan. "Zorte txarra izan du eta gero nik gora egin dut animikoki eta berak behera; emaitza ez da normala halako partidu baterako", adierazi zuen amaieran Santxok. Iazko txapelketan ere finalean izan zen eta orduko arantza kentzea lortu zuen atzo.
Profesionaletarako jauzia
Martitzena izateko jende asko hurbildu zen frontoira, antolatzaileen gozamenerako: "Gaur jende asko etorri da, pozik geratzeko modua gaude", esan zuen Reyes Azkoitiak. Txapelketa errotu dela ere azpimarratu zuen Azkoitiak eta pilotariek profesionaletara salto egiteko lagungarri dela uste du: "Hemen irabazi dutenetako askok profesionaletara eman dute jauzia; gonbidatuta etortzen diren pilotari guztiak gustura etortzen dira".