Sahararantza abiatzeko maleta gertu dute IGAMekoek

Bihar, zapatua, zazpi bergararrez eta antzuolar batez osatutako taldea Tindufeko eta Smarako errefuxiatuen kanpalekuetan egiten duten proban parte hartzera abiatuko da. Eskola batean gosariak emateko proiektu bat martxan jartzen lagunduko duen 5.000 euroko dohaintza ere eramango dute haiekin.

Bihar joan eta martxoaren 4ra arte izango dira IGAM taldeko korrikalari solidarioak Saharako kanpalekuetan. Hain zuzen, bertako familia baten etxean egingo dituzte egunok. Izan ere, taldeko kide batek saharar mutiko bat hartzen du etxean udaro, eta haren familiaren etxera doaz orain.

Herriko babesleei esker eta kamiseten eta boletoen salmentari esker, 5000 euro lortu dituzte. Bada, horiekin bi proiektu jarriko dituzte martxan: batetik, Smarako eskola batean urtebetez egunero gosariak emateko plan bat, eta bestetik, beste eskola batean teilatu bat konpontzea.

Bea Zeziagak azaldu du bere kasuan probaren alde solidarioa izan dela parte hartzera animatu duena. Izan ere, 2014an eta 2015ean IGAMekoek Gironako 100 kilometroko Trail Walk solidarioan hartu zuten parte, eta bigarrenean Zeziaga laguntzaile lanetan aritu zen. Bada, aurtengoan korrikalari moduan ere hartuko du parte, 10 kilometroko lasterketa eginaz. "Normalean ez dut korrika egiten, baina 10 kilometrotako proba egiteko prestatu naiz, eta bukatzeko gai izango naizela espero dut. Azken finean, helburua ez da markak lortzea, parte hartzea eta sahararren erresistentzia ikustaraztea".

Kirol arloa

Maratoia bera martitzenean izango da, hilaren 28an. Egun horretan, IGAMeko hiru kidek 10 kilometroko proba egingo dute (Bea Zeziaga, Josu Lazkano eta Alberto Samaniego) beste kide batek 21 kilometroko maratoi erdia (Luis Javier Martinez), eta gainontzeko lauek, berriz, maratoi osoa, 42 kilometro (Txus Iglesias, Gorka Manso, Juantxo Aranes eta Jon Ander Garitano). Aipatzekoa da, eurez gain, Pol-Poleko Hankaluze Trail taldeko bergarar batek ere hartuko duela parte proban.

Jon Ander Garitanok azaldu du, berez, proba ez dela taldekakoa, baina eurak talde baten antzera parte hartuko dutela: "pentsatu dugu hasieratik bukaerara, guztia elkarrekin egitea. Esaten den moduan, motelenaren erritmoan egingo dugu, beraz".

Horretarako, parte hartzaile bakoitzak bere probara egokitutako entrenamenduak egin ditu, eta gogotsu daude desertuko hondarraren gainean korrika egiteko.

Hurrengo proiektu solidarioa

Oraindik Sahararantz abiatu ez diren arren, IGAMekoak jada hasiak dira hurrengo ekintza solidarioa prestatzen. Kasu honetan, ez dira horrenbeste urrunduko herritik. Izan ere, muskulu-atrofia espinala duen Leire Martin Pineda bergararraren aldeko jai bat antolatu gura dute ekainerako. "Jai herrikoia" izan dadin nahi dute, Garitanok azaldu duenez, eta batutako dirua Fundame fundaziora bideratuko dute, gaixotasun horren inguruko ikerketei laguntzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.