Boluko bizilagunak, euren egoeragatik kezkatuta

Maite Txintxurreta 2017ko ots. 10a, 15:37

Atzo, eguena, sartu ahal izan zen peritua azkenik Bolua kaleko 59. atariko etxe guztietan. Tartean, lehen pisuko ezkerrekoan, kaltetuena izan den etxebizitza.

Dolores Santos bizi da luiziak gehien kaltetu duen etxebizitzan, eta bere suhia, Karlos Etxaniz, 59. atariko komunitateko presidentea da gaur egun. "Egoera oso-oso larria da", dio azken honek. Etxeko gela guztiak lokatzez beteta dituzte. "Lur guztia ziur aldatu egin beharko dugula". Horrez gain, altzariak ere kaltetuta dituzte.

Dolores Santos gaur sartu ahal izan da lehenbizikoz etxea laga behar izan zutenetik. "Penagarri" ikusi duela dio, eta nahiko lukeena da kalteen konponketaren gastuei aurre egiteko laguntzaren bat izatea. "Ahal bezainbeste borrokatuko dugu, ez da gutxiagorako eta", dio.

Atari bereko bigarren pisuko etxebizitzetako jabeek zorte hobea izan dute, eta haien etxeek ez dute aparteko kalterik. Lehen pisuko eskumako etxean ere ate azpitik lokatza apur bat sartu da sarrerara, eta leiho bat pitzatuta dago, baina gainontzean kalteak ez dira handiak.

Etxebizitza partikularrez gain, baina, ataria bera ere nahiko kaltetuta dago, eta bertan konponketa lanak egin behar dira. Esaterako, luiziak paretan egindako zuloa konpondu behar da, kristalerak berrezarri behar dira, eta eskaileretako baranda aldatu behar da.

Bada, bizilagunen komunitatearen desioa ere izango litzateke lan horien gastuen kargu asegurua egin dadin. Horregatik, behin perituak ikuskaritza eginda, berrien zain jarraitzen dute.


59. atariko familia guztiak eta 61. atarikoak diraute, momentuz etxetik kanpo, bost familia, denera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak