Urtero legez, aratusteetako kartela aukeratzeko lehiaketa bat abiatu du Udalak, eta lehiaketa horrek honezkero badu irabazlea. Airez taldeko kideek egin dute, zehazki, Maite Arnzabalek, Sara Martinezek, Xabi Lukek, Irati Alberdik eta Nerea Madariagak. Azken honek kartela egitearen nondik norakoak azaldu ditu: "Beste lan batzuetan ari ginela, bat-batean okurritu zitzaigun lehiaketarako kartel bat egitea. Orduan, eskura genituen material batzuk elkartu eta argazki bat atera genien. Ondoren digitalizatu egin genuen eta testua-eta gehitu genion. Globoak, gomak edota adar bat agertzen dira kartelean". Herritarren 82 aldeko boto lortu ditu Airez taldearen kartelak.
Aratusteak ofizialki eguen gizenean hasten diren arren, lehenago, martitzenean, sasoi honetan tipikoak diren torradak eta pellak egiten ikasteko ikastaroa egingo dute San Antonioko Gure Ametsa elkartean.
Hitzordu nagusiak
Eguen gizenean, berriz, sorgin dantza izango da iluntzean erdiguneko kaleetan zehar, musikaz lagunduta, eta lehoia eta domadore eta guzti.
Hurrengo egunean, berriz, Udal Pilotalekuan ohiko aratuste kontzertua izango da, Bergarako Udal Musika Bandaren eta Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Bergara-Cai Non Stop izenburupean, gaia bidaia bat izango dela aurreratu dute, baina gehiago jakin nahi duenak kontzertura joan beharko du.
Zapatua ere egun handia izango da. Hala, besteak beste, eguerdian mozorro bazkaria izango da Aranzadi ikastolako gimnasioan, herriko produktuekin egindako menuaz, berogailuarekin eta musikaz girotuta.
Arratsaldez, berriz, ohi bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunen bi emanaldi izango dira frontoian. Euren ikuskizun berriarekin datoz oraingoan, ‘Tipi-Tapa, Korrika!’ izenekoa.
Iluntzean, berriz, erraldoi, kiliki eta buruhandien kalejira izango da, eta ondoren erromeria, plazan.
Bukatzeko, martitzena izango da azken eguna, eta egun horretan, musika eskolako gazte bandaren kalejira edota batukada herrikoia izango dira arratsaldean. Iluntzean, berriz, DJ festa Gauargi taldearen eskutik.
Sarrerak
Aratuste kontzerturako eta pailazoen emanaldirako sarrerak aurrez erosteko aukera izango da otsailaren 13tik aurrera Kutxabanken webgunean eta Zabalotegi aretoan. Dena den, egunean bertan leihatilak ere irekiko dituzte. Mozorro bazkarirako txartelak, berriz, honezkero salgai daude Pol-Pol eta Ariznoa tabernetan.
Udaletik herritarrak animatu nahi izan dituzte mozorrotzera eta antolatutako hitzorduetan parte hartzera.