19 proposamen aurkeztu dituzte Bergarako Ideia Lehiaketan

Eneko Azurmendi 2017ko ots. 8a, 12:59

Proposamenak Aroztegi aretoan egongo dira ikusgai, domekara bitartean. Herritarrek euren bozka emateko aukera izango dute, Aroztegin bertan –domeka da azken eguna– edota udalaren webgunean –otsailaren 15era arte–. Helduetan 11 proposamen daude eta haurretan, 8.

Helduek aurkeztutako proposamenak

Hamaika izan dira denera 18 urtetik gorakoek Ideia Lehiaketara aurkeztutako proposamenak. Gaur egungo baliabideak edo azpiegiturak egokitzeko dira batzuk, aukera edo zerbitzu berriak sortzeko beste batzuk, eta ingurumenarekin eta ospakizunekin lotutakoak ere badira. Bakoitzaren pintzeladak dira ondoren datozenak; zehaztasunak, Aroztegin eta Udalaren webgunean.

  • Goiko estazioa Espazioa zaindu, garbitu eta txukundu. Umeentzat jolasgunea sortu eta ekintzak antolatu.
  • Bizikleta alokairu sistema Bizikletaren erabilera sustatzeko. Guneak bizikletekin herriko hainbat puntutan, alokatzeko.
  • Saihesbidera irteera San Martzialerako bideko zubi ingurutik Elorregirantz, irteera nagusiko zirkulazioa arintzeko.
  • Arrizuri kalea Malda handiak eragin ohi dituen oinezkoen erorketak eta irristatzeak saihesteko proposamena.
  • Informazio panelak aberastu Herriko ondarearen berri zabalago emateko QR bidezko sistema erabili.
  • Askotariko parkea Tavex egondako orubean, paseorako eta jolaserako guneekin, ortu komunitario batekin...
  • Autoa partekatzea Irabazi asmorik gabeko web orri kooperatibo bat, autoa partekatzeko helburuz.
  • Aranerrekako basoa Bertako baso naturala berreskuratzea, Boluan gertatutakoa moduko lurjausien aurka, besteak beste.
  • Kioskoaren ordez Espoloian Ez dezala lehengoaren egitura izan, baizik maskor akustiko edo eszenatoki ere. Atzerago joatea.
  • Ortu publikoak Norbere kontsumora bideratutako lursail txikiak, elikadura osasuntsua eta bizimodu aktiboa sustatuz.
  • Hiribilduaren 750. urtemuga Bergararen urteurren hori 2018an izango dela-eta, hori ospatzeko kultura ekintzak.

Umeen eta gaztetxoen ideiak

18 urtera artekoek zortzi proposamen egin dituzte Ideia Lehiaketan. Horietatik hiruk zerikusia dute Agorrosingo kanpoko igerilekuarekin, era batera edo bestera: kanpoko igerilekua handitzea eta hobetzea proposatzen du batek; horrekin batera, udan uretako ekintzak antolatzeko begiraleak kontratatzea, beste batek; eta kultur ekintzak –kontzertuak, antzezlanak...– antolatzea, hirugarrenak.
Horiekin batera, askotariko ideiak jaso dituzte lehiaketan parte hartu duten gazteenen aldetik: komedia eskola bat sortu eta hilean behin komiko ezagun bat gonbidatzea; herrigunetik aparte jolas parke handi bat egitea, gazteentzako abentura parkea tartean; etxegabeentzat aterpea eraikitzea, umeentzako gimnasio batekin eta helduendako beste batekin; uretako abentura parkea egitea; eta farolak konpontzea eta argi gutxi dagoen lekuetan berriak jartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak