Hala, bazkide berriek aukeratu ahal izan dute laguntza ekonomikoa emango duten bazkide izan, edo bazkide aktibo izan, hau da, euren laguntza eskaini antolatzen diren ekintzetarako, edota biak batera.
Hain zuzen, kanpaina honen erdigunea Jardun elkarteak Barrenkalen alokatutako lokala izan da, bertan egin baitituzte ekitaldi gehienak.
Gainera, zuzendaritzako kide Iñigo Arregik azaldu duenez, lokalaren presentziak kanpaina herrira zabaltzen lagundu du, eta aipatu du antolatu dituzten ekintzek harrera ona izan dutela. Izan ere, denetarik antolatu dute bertan; hitzaldiak, tailerrak, liburu aurkezpenak edota umeendako jolasak, esaterako.
Hori dela eta, arlo kualitatiboan balorazio positiboa egin du Jardunek, eta berdin arlo kuantitatiboarekin.
Hori lortzeko, ezinbestekoa izan da Jarduneko langile eta boluntarioek egindako lana.
Arregik gogorarazi du azterketa soziolinguistikoek erakusten da euskararen erabilera mantenduz edo jaitsiz doala herrietan, eta Bergara ez dela salbuespen. Horregatik, euskararen aldeko lana artean ere ezinbestekoa dela uste du.
Bada, lan horretan Jardunen bazkide bilakatuz lagundu nahi duenak badu horretarako aukera oraindik, kanpaina bukatu bada ere. Jardunen Errotalde jauregiko betiko bulegotik pasatuta edo jardun.eus webgunean egin daiteke hori.