Jardunek ireki du bazkidetza kanpainarako lokal berria

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 18a, 11:51

Atzo inauguratu zuten, eta abenduan eta urtarrilean zehar izango dute irekita Barrenkaleko gunea. Denbora tarte horretan zehar hainbat ekintza burutuko dituzte, atzoko inaugurazioan egin bezala. Ume zein gurasoak primeran ibili ziren jolasean eta Jardun gertuagotik ezagutzen.

Arratsaldean zehar ez zen jenderik falta izan Jardunen Barrenkaleko lokal berrian. Lehenik, haur eta gurasoendako jolasak egin zituzten. Mahai jolasetan, txapak egiten zein aurpegia margotzen ibili ziren txikienak.

Horren ostean, berriz, kanpora atera eta Euskara hegaran paperezko hegazkinen lehiaketa izan zen. Bi adin taldetan banatuta, parte hartzaileek eurek egindako abioia ahalik eta urrunen heldu zedin ahalegindu ziren. Jende mordoxka batek hartu zuen parte, denera 30 bat inguruk. Bada, 12 urtez azpikoetan Laia Azkarate-Askasuarenak egin zuen hegaldirik onena, eta, sari moduan, gabonetako parkerako hiru egunetako bonua jaso zuen. Nagusietan, berriz, Unai Zubizarretak irabazi zuen, eta gazta eta turroia eraman zituen etxera.

Festarekin jarraitzeko, Mariñe Diazek eta Alex Arteagak osatutako bikoteak kontzertua eskaini zuen lokalean, giro aparta jarriaz. Eta, nola ez, inaugurazio festa zenez gero, luntxa ere izan zen. Gainera, lokaleko paretan 80 argazkitik gorako erakusketa dago ikusgai, elkartearen 26 urte hauetan zehar ateratakoak.

Jarduneko Nerea Mendizabalek adierazi du "oso ondo" joan zela atzoko ekitaldia, eta arratsalde osoan zehar izan zela jende mugimendua. Era berean, aipatu du bazkidetza kanpaina martxan jarri denetik honezkero lortu dituztela bazkide berri batzuk.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak