Denbora dezente egon da Bergarako Ibargarai kaleko lur azpiko aparkalekua garbiketa sakon bat egin gabe, eta margotzea ere komenigarria ikusi dute Udaletik, horixe adierazi du Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregik. Horregatik, mantentze lanak egingo dituzte.
Bihar eta etzi, zatika itxita
Bihar, eguaztena, hasiko dira lanokin. Bihar eta etzi bereziki garbiketa lanak egingo dituzte, eta horregatik, bi egun horietan aparkalekuaren erdia itxita egongo da. Hala ere, ondoan dagoen Seminarioko atarian aparkatzeko gunea egokituko dute egun horietarako.
Egubakoitzean eta zapatuan, guztiz itxita
Egubakoitzean eta zapatuan, berriz, guztiz itxiko dute parkinga eta orduan ere Seminarioan aparkatu ahal izango da. Margotze lanak egingo dituzte bereziki egun horietan.
Pazientzia eskatu zaie erabiltzaileei
Lander Arregik egun hauetarako pazientzia eskatu die parkingaren erabiltzaileei eta aurreratu du hemendik pare bat astetara lanak bukatzeko agian beste egunen bat ere itxi beharra izango dutela.