Lau t'erdiko Soraluce txapelketa atzera ere bueltan da. Zazpi astez, martitzenero partiduak izango dira Udal Pilotalekuan, martxoaren 14ra arte. Diru faltagatik, iaz txapelketa murriztua egin behar izan zuten, launa jokalarirekin, eta aurten atzera ere betiko formatua berreskuratu dute, babeslearengandik iaz baino diru gehiago jasota. Hala, promesetan eta nagusietan zortzina pilotariren artean jokatuko dute txapela.
Iazkoa "triste samarra" izan zela-eta, pilota elkartean aurtengorako bi aukera ikusi zituzten: zortzi pilotarirekin egitea, edo, bestela, txapelketa ez antolatzea, Reyes Azkoitiak azaldu duenez. Azkenean aurrera egiteko apustua egin dute, nahiz eta diru laguntzak ez dien gastu guztiak estaltzen. Horregatik, beti bezala txuleten zozketa egingo dute frontoian, eta herritarrek haien laguntza eman ahal izango dute txartelak erosita.
Murua eta Zezeaga
Azkoitiak dio txapelketa honetara "momentuko pilotaririk onenak" ekartzen ahalegintzen direla. Bada, haien artean egongo dira Josu Zezeaga bergararra, egun Iurretan diharduena, eta Ander Murua, Bergarako klubean utzita jokatzen duen Arrasatearra. Hain zuzen, txapelketako lehenengo partiduan arituko da azken hau (bihar, martitzena, 19:30ean), egungo Gipuzkoako txapelduna dena.