Lur-jausiak Boluan kaltetutako eraikinaren teilatua konpondu zuten atzo, egubakoitza, euria egiten badu urik barrura ez sartzeko. Inguruko enbor handienak ere kendu dituzte baina oraindik lur eta arrama asko daude eta garabi berezi bat ekarri dute gaur Bizkaitik.
Eguerdian heldu da baina arratsaldeko lehen orduan hasi dira erabiltzen. "Gune honetan aldapa dago eta egur zatiak erabiliz nibelatu behar izan dugu garabia lehenengo", azaldu du Egur Lan enpresako Iñigo Almorza bergararrak. "Bila ibili gara baina 35 metroko garabirik ez dugu topatu Gipuzkoan, ez, behintzat, puntuan horrelako heldulekurik duenik. 20 metrokoak bai, baina 35ekoak ez. Bizkaitik etorri da hau eta asteburuan hemen egongo da. Gure helburua da euria egiten hasi aurretik ahalik eta lur eta egur gehiena hemendik eramatera", jarraitu du.
Trenbidean jarri dute garabia eta kaltetutako etxebizitzaren kontra dauden hondakinak kentzen ari dira orain, baina mendian gora ere oraindik kentzeko asko dagoela esan du Almorzak.