75. urtemuga ospatuko du aurten Pol-Pol mendizale taldeak

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 24a, 10:01

1942ko martxoaren 15ean sortu zuten elkartea Bergaran, eta aurten, data horren bueltan, hainbat hitzordu izango dira. Tartean, noski, mendi irteerak edota herri bazkaria. Horrez gain, aurreratu dute liburu bat ere argitaratuko dutela, eta jendearen ekarpenak jaso nahi dituzte horretarako.

Martxoaren 15ean bertan izango da urteurren berezi honetarako Pol-Pol mendizale taldeak antolatu duen lehen hitzordua. Egun horretan, mahai inguru bat egingo dute Irizar jauregian, 19:00etan.

Ospakizunerako egun handia, baina, aste horretako domekan izango da, martxoaren 19an, hain zuzen. Egun horretan, lehenik, Azkarate-Bergara mendi irteera egingo dute goizean, eta gero, herrira iristean, bazkaria egingo dute, soinuaren musikaz girotuta. Tiketak 35 eurotan erosi daitezke, otsailaren 28a baino lehen, plaza mugatuak baitaude. Honako tokietan jarri dituzte salgai: Gracian mertzerian, Pol-Pol tabernan, Lazkano oinetako dendan eta Pol-Pol Mendizale Taldearen bulegoan. Izena ematen duen jende kopuruaren arabera zehaztuko dute bazkariaren lekua.

Ospakizuneko egitarauarekin jarraituaz, martxoaren 21ean eta 23an zine emanaldi bana izango da, biak ere mendiko filmak izango direlarik. 26an, berriz, Udal Bandak kontzertua eskainiko du frontoian, eta emanaldi horren baitan Pol-Pol martxa joko dute.

Bestalde, aurten Bergaran egingo da Puntaik Punta mendi jaialdia, iaz lehenengoz Leintz-Gatzagan egin zutena. Maiatzaren 26tik 28ra izango da jaialdi hori, eta horren baitan Pol-Poletik ere zerbait antolatzeko gogoa adierazi dute.

Bukatzeko, ekainean La Palma kanariar uhartera irteera berezia egingo dute, bertan ere mendian ibiltzeko asmoz. Horiek dira oraingoz aurreikusi dituzten hitzorduak.

Elkarteari buruzko liburua

Mendizale taldekoek atzo egin zuten aurkezpenean aurreratu zuten 75 urte hauetako historia bilduko duen liburua ere argitaratu nahi dutela. Dena den, aurtengo argazkiak eta informazioa ere sartu nahi dute, eta, horregatik, 2018an argitaratzeko asmoa daukate.

Migel Angel Elkoroberezibar arduratuko da liburua idatzi eta osatzeaz. Aurreratu dute "argazki eta testigantza ugari" izango dituela, dokumentazioaz gain, eta herritarrei dei egin diete baliagarria izan daitekeen ekarpenen bat egin nahi izanez gero (argazkiak, informazioa...), Elkoroberezibarrekin kontaktuan jar daitezen, 606526810 telefonora deituta edota maelkoro@gmail.com helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak