Luiziaren ondorioz Udalaren etxebizitzetan geratu beharko duten familiek jaso dituzte giltzak

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 23a, 13:22

Gaur astebete da Bolua auzoan lur-jausia gertatu zela. Ezbeharraren ondorioz, zazpi familia momentuz euren etxera itzuli ezinda daude. Hala eskatu dutenei Udalak etxebizitza laga die, eta honezkero guztiek jaso dituzte giltzak. Gaur goiko trenbideko garbiketa lanekin jarraitzen dute, zuhaitzak eta enborrak kenduaz.

Elurlan enpresako langileak trenbidean pilatutako oztopo nagusiak erretiratzeko lanetan aritu ziren joan den astean. Orain, berriz, maldako oztopoak kentzeari ekin diote, segurtasuna bermatze aldera. Lur-jausiaren eremuko arbola eta enbor guztiak kenduko dituzte, geologoek hala gomendatuta.

Horrez gain, maldaren eta kaltetutako eraikinaren tartean pilatuta dauden enborrak eta zuhaitzak ere erretiratuko dituzte. Dena den, leku estua da, eta langileek ezin dute bertara Boluako plazatik igaro eta zuzenean enborrak atera. Hori dela eta, kable bidez trenbidera igoko dituzte enborrok, eta handik kamioietan aterako dituzte.

Hala, ez dakite artean zenbat denbora beharko duten lanok guztiz bukatutzat emateko. Etxearen atzealdean pilatutako enborrak erretiratutakoan, bertan pilatuta dagoen lokatza ere kenduko dute. Kanpoaldeko garbiketa eta konponketak bukatu arte ezin izango diete ekin etxe barrukoei.

Meteorologia zerbitzuek ez dute euririk iragarri datozen bi egunetarako, bai ordea, eguen iluntzerako eta egubakoitzerako. Bada, ahalegina egingo dute oztopo nagusiak ateri dagoen bitartean kentzeko.

Bizilagunak birkokatuta

Bestalde, lur-jausiaren ondorioz momentuz etxera sartu ezin izango duten familiak zazpi dira. Horietako lauk ordezko etxebizitza baten premia dute, eta ondorioz, Udalak bere jabetzakoak diren lau etxebizitza jarri ditu haien eskura. Bi familia joan den astean sartu ahal izan ziren, eta beste bi etxebizitzetan asteburuan argindarra eta ur beroa jartzeko lanetan ibili dira, eta azkenik, gaur, astelehena, eman dizkiete giltzak.

Udalak gizarte zerbitzuetarako erabiltzen dituen etxebizitzak dira Boluko kaltetuei laga dizkienak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak