Maltzaga aldetik Osintxuko auzunera doazen ibilgailuen segurtasuna bermatze aldera, errepide horren hasieran dagoen ezponda gogortu eta egonkortzeko lanak hasiko dituzte astelehenean.
Bergarako Udalak Lezoko Técnicos en Estabilizaciones e Inyeccionez S.A. enpresari esleitu dizkio lanok, eta ia hemeretzi mila euroko aurrekontua izango dute.
Lan horiek egin ahal izateko errepide zati hori itxi egin beharko dute, eta horrek eragina izango du trafikoarengan aste osoan zehar. Izan ere, sarrera bakarra egongo da erabilgarri, Gerondokoa hain zuzen, Bergara aldekoa. Hala, datorren astean zehar ibilgailuak sarrera horretara saihesbidetik bideratzeko seinalizazio berezia jarriko dute. Osintxutik Soraluzerantz doazen errepideentzako erreia, aldiz, zabalik mantenduko dute.
Autobusak, gasolindegian
Autobus zerbitzuari dagokionean ere izango da aldaketarik. Eibarrerako noranzkoan doazen autobusak zubi ondoko betiko geltokian egingo dute geldialdia, baina, aldiz, Bergarako noranzkoan doazenak Osintxuko gasolindegian lagako ditu bidaiariak, hau da, errepideko saihesbidean. Bertatik zubi aldera doan bidetik jaitsi ahal izango dira oinez herrigunera.
Bergarako Udalak barkamena eskatu nahi izan die herritarrei lanek sor ditzaketen eragozpenen aurrean.