2006 urtean hasi zen Bergarako Udala kutsadura akustikoa murrizteko helburuz neurketak egiten. Udalerriko zarata mailak eta kutsadura akustikoa neurtu ditu Bergarako Udalak, eta orain neurketa horien emaitzak batzen dituen txostena jarri dute eskuragarri Udalaren webgunean.
Txosten honen arabera, bide trafikoa da bergararrengan eragin handiena duen zarata iturria. Zurradero, Ibarra, Masterreka, Aranerreka edota Matxiategi kaleetako biztanleak dira zarata mailarik altuenak jasaten dituztenak.
Dena den, herritar gehien kaltetzen dituen zarata erdiguneko trafikoak eragindakoa izan arren, kalte handiena eragiten duena, dezibelio aldetik, errepideetakoa da, batez ere Gipuzkoa 627 eta AP1 errepideek sortutakoa. Elorregi eta Mekolalde auzoak, Ibarra eta Ozaeta kaleak, Ortuibar eta Boni Laskurain pasealekuak eta San Martzialerako bidean daudenak dira dezibelio mailarik altuenak jasaten dituzten etxebizitza guneak.
Gaua, momenturik kaltegarriena
Eguneko momenturik kaltegarriena, berriz, gaua da, kaltetutako biztanle gehien dituen aldia delako. Gauez, biztanleriaren ehuneko batak zarata mailaren helburua bost dezibeliotan gainditzen duten zaratak jasaten ditu, eta badira hamar bat pertsona helburuok hamar dezibeliotan gainditzen dituzten zarata mailak jasaten dituztenak.
Bergararren ehuneko hirurogeia berez eremu lasaiei dagozkien zarata mailen barruan bizi da eguneko momentu orotan, goizez, arratsaldez, zein gauez.
Halako neurketetan kontuan izan ohi den beste faktore bat industria jarduera da. Dena den, Bergararen kasuan, faktore honek herritarrengan duen eragina oso baxua da, ehuneko batera heltzen ez delarik.