Oso hunkigarria izan zen Xabier Arrilaga omentzeko emanaldia. Musikari ugari izan zen oholtzan eta kantu ugari jo zituzten: Queen taldearen We will rock you, Su Ta Gar taldearen Zain zure zain, Diablues & Bluecifer-en Etxera Bueltan, Negu Gorriaken Aspaldiko loreak, Bob Dylan-en Knocking on heavens door…, besteak beste.
Sekulako omenaldi rockeroa
Azkaiter Pelox musikari bergarra oso pozik agertu zen emanaldia amaitzean: "Ondo irten da, familiakoak oniritzia ematera etorri dira, gustura egon dira, jende asko etorri da… Sekulako omenaldi rockeroa izan da. Halakoa nahi zen egitea, eta hala bideratu genuen. Gure abestiez gain, Xabik gurekin Laino Skate Parkean kantatutako batzuk, berari gustatzen zaizkion abestiak… egin ditugu".
Zer esan handiko kantuak
Joan zen urtean, kurtso amaierako kontzertuan, Xabier Arrillagak Azkaiter Peloxekin batera Laino Skate Parkean Bob Dylan-en Knocking on heavens door abestia abestu zuen, eta momentu hori errepikatu nahi izan zuten atzo bere lagun, ikaskide, irakasle eta herrikideekin.
Momentu hunkigarri honez gain, Aitor Gorosabelek –Su Ta Gar–, oso hitz politak esan zituen Xabiren omenez. Xabik berari bidalitako eskutitz bat irakurri zuen oholtza gainean eta kontzertuko momentu hunkigarriena izan zen. Hala adierazi zuen Gorosabelek: "Niretzat sorpresa izan zen gutuna jasotzea, eta amaieran jartzen du Patxo bat Aitor, asko maite zaitut, eta bihotzera heldu zitzaidan. Altxor bat moduan gordeko dut. Tristuraren barruan, zorionekoa sentitzen naiz eskutitz hau izateagatik".
Emozio handikoa
"Asier Elorza, Xabierren irakasle izandakoa, oholtza gainean izan zen beste musikariekin batera, eta adierazi zuen hunkigarria izan zela kontzertua: "Xabi musikazale amorratua zen, hobbya konpartitzen genuen, rockero peto-petoa zen…, eta gaurkoa oso berezia izan da. Hotz egin duen arren, giroa berotu dugu eta oso emotiboa izan da emanaldia. Musikarekin emozio guztiak irteten dira".