Bergarako Udal Gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk atzo egin zuten 2017 urterako aurrekontu proposamenaren aurkezpena, aurretik oposizioko taldeei batzorde ezberdinetan azaldu ostean. Hala, 2017ko aurrekontua 22.506.000 eurokoa izango da, iazkoa baino %2,2 handiagoa.
Igoeraren zergatiak
Aurrekontua igotzearen arrazoiak azaldu zituen jarraian Elena Letek. 2017ko ordenantza fiskalean adostu zen bezala, udal zergek KPIaren igoera berdina jasan dute, %0,7koa hain zuzen. Baina horretaz gain, beste hiru faktore garrantzitsu izan dira aurrekontua handitzeko: batetik, Foru Aldundiko Fondotik 139.000 euro gehiago jaso izana; bestetik, Larramendiko industria-guneari esker eraikuntza zergen sarreretan izandako igoera; eta, azkenik, plusbalioen zergaren kudeaketa hobetzeak eragin duen 95.000 euroko gorakada.
Parte hartzearen alde apustu eginez
Beste ildo batean, herritar eta eragileen partaidetza sustatzeko iazko partida handituko dutela ere iragarri zuen Letek. Zentzu horretan, bi partida berezi aipatu zituen, inbertsioetara bideratutako diruaren %6 hartuko dutenak; 80.000 euro oposizioaren emendakinentzat, eta 100.000 euro ideia lehiaketako proiektuetarako.
Hauteskunde programari jarraipena
Hauteskunde programan aipatutako hainbat helburu ere hartzen ditu barne 2017ko aurrekontuak. Hala, iaz Espoloiko kioskoa eraitsi ondoren, aurten berria eraikitzeko konpromisoa da horietako bat. Lerro kulturalarekin jarraituz, Seminarioko ekipamendua bukatzeko eta martxan jartzeko ziurtagiriak eta tramiteak burutzeko partida bat ere txertatu dute aurrekontuetan –kultura aretoa hurrengo jaietarako irekitzea da asmoa–. Boluko pilotalekuaren estaltze lanak egiteko partida ere barne dago, eta bidegorri sarea osatzen jarraitzeko dirua ere izango da.
Gazteei etxetik joateko diru-laguntzak
Berritasun gisa, herriko gazteek etxebizitzak alokatzeko 30.000 euroko diru laguntzak aurreikusten ditu aurrekontuak, eta herrian dauden etxe hutsak alokairura bideratzeko neurriak hartuko dituztela iragarri zuten.
Bozketa urtarrilean
Oposizioko taldeek hiru asteko epea izango dute udal Gobernuaren proposamena aztertu eta euren ekarpenak eta emendakinak egiteko, urtarrilaren 18ra arte. Behin hau eginda, urtarrileko ohiko osoko bilkuran bozkatuko dituzte 2017ko aurrekontuak.