'Flashmob' erraldoia egingo dute Bergaran, presoak "gure artera" ekartzeko

Eneko Azurmendi 2016ko abe. 13a, 20:08

Gure Artera izeneko taldea aurkeztu dute, "euskal presoen gaia eta Bergaran bereziki Joxe Migel Gaztelu presoaren egoera lantzeko" sortu dena. Horrez gain, presoak Euskal Herrira ekartzeko helburuarekin egingo duten flashmob olatu erraldoiaren berri ere eman dute. Abenduaren 31n izango da hori, 18:00etan, Barrenkalen.

"Tantaz tanta, pertsonaz pertsona, presoz preso 360 lagunek, preso guztiak ordezkatzen, Barrenkalea hartuko dute, olatu erraldoia eraikitzeko. Barrenkalea beteko dugu ilusioz eta grinaz", adierazi du Pili Garcia Gure Artera taldeko kideak.

Garciak nabarmendu du herriaren eta herritarren indarra eta parte-hartzea beharrezkoak direla. "Itsasoaren indarra behar dugu Euskal Preso Politikoak Euskal Herrira ekartzeko, olatu indartsuak behar ditugu espetxeetako hormak gainditu eta presoak etxeratzeko".

Joxe Migel Gaztelu, Algecirasen

"Bergaran Gaztelu daukagu preso, baina oso urruti dago. Estatu espainiarrean urrutien dagoen kartzelan, Algecirasen. Bera ikusteko 2400 km egin behar dira, ia asteburu oso bat autobus baten sartuta eta 200 euroko gastu bat suposatzen duelarik pertsonako", adierazi du Gure Artera ekimeneko kide den Iraitz Arizabaletak.

Egoera hau "irauli" egin behar dela azpimarratu du, honekin "berehala" amaitu behar dela aldarrikatuz. "Dispertsioarekin amaitzea eginbehar urgente bat da, senideek sufritzen duten tratu ankerraren sinonimoa baita, bizitza galtzeko arrisku handia dakarrena, gainera", zehaztu du Arizabaletak.

Urtarrilaren 14ko manifestaziorako deia

Amaitzeko, SAREk deituta Bilbon egingo den manifestaziorako deia luzatu du Gure Artera taldeak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak