'Ikimilikiliklik' erakusketa eta jarduera bereziak, Euskararen Egunaren harira

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko aza. 30a, 18:17

Zapatuan, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren harira, Bergarako Udaletik hainbat ekimen antolatu dituzte. Batetik, Laboratorium museoan Ikimilikilikik erakusketa zabalduko dute egubakoitzean, eta bestetik, hilabeteko jarduera programa berezia prestatu dute Jardun elkartearekin batera.

Zapatuko Euskararen Nazioarteko eguna ospatzeko hainbat jarduera egongo dira Bergaran. Batetik, bihar, egubakoitza, zabalduko da Laboratorium museoan Ikimilikiliklik, Joxean Artzeren unibertsoa izeneko erakusketa. San Telmo Museoak, EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Morgancrea-k bultzatutako proiektua da hori. Joxean Artzek 40 urte baino gehiagotan garatutako lan poetikoan egiten den bidaia da erakusketa eta Ez dok amairu mugimendua omendu nahi izan dute horrekin Udaletik, horixe azaldu du aurkezpenean kultura zinegotzi Maite Agirrek.

Erakusketa ezohikoa izango da. Izan ere, ikus-entzunezkoak proiektatuko dira aretoan. Hauxe esan du erakusketako zuzendarietako bat den Alberto Lizarraldek: “Ikimilikiliklik-en emaitza da ikus-entzunezko multipantaila instalazio bat. Hau da, hiru pantaila eta sei proiektore izango dira; hiru pantailetara bideratuta, bi lurrera eta bat sabaira”.

Urtarrilaren 8ra arte izango da zabalik Ikimilikiliklik eta horren inguruan hainbat ekintza ere egingo dira.

Hainbat jarduera berezi

Kultur sorkuntzaren inguruko bestelako ekintza batzuk ere izango dira aurtengo Euskararen Egunaren harira. Bihar, eguena, esaterako, Pintxo baten bueltan gure sorkuntza aztertzen tailer-tertulia egingo da Irizar jauregian 19:00etan.

Umeek ere izango dute zertaz gozatu zapatuan 17:00etatik aurrera Oxirondoko aisialdi gunean. Txikienek sormena ardatz duten ekintzak egingo dituzte, eta 8 urtetik gorakoek antzerkia eta bertso-oka jolasa izango dituzte, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak