Bergarako euskaltzaleak batu nahi ditu Jardunek

Maite Txintxurreta 2016ko aza. 22a, 14:28

Jardun euskara elkarteak martxan jarri duen bazkidetza kanpaina berria aurkeztu du. Euskaltzaleen topagunearen baitan, Euskal Herriko beste zortzi euskara elkarterekin batera burutu du, eta helburua, bazkide berriak lortzeaz gain, egungoak aktibatu eta Jardun elkartea ezagutzera ematea da.

Zurekin Bergara Euskaldunago. Horixe da Jardun Euskara Elkarteak bere bazkidetza kanpaina berrian zehar erabiliko duen leloa.

Ikurra, berriz, batuketarena da, eta horrekin gehitzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Hala, hortik azpileloak ere sortu dituzte, esaterako: Jardun gehi zu, Bergara euskaldunago edota Jardunera batzeko prest?.

Gaurtik aurrera martxan dago kanpaina berria eta urtarrilaren amaierara arte iraungo du. Hala, eguenean, pintxo pote orduan, Jarduneko kideak Irala kalean izango dira kanpaina kalera ateratzeko asmoz. Bazkide berriak lortzeaz gain, gaur egungoak aktibatzea, Jardun elkartea ezagutzera ematea eta herritarrak elkartera hurbiltzea lortu nahi dute.
 
Hori lortzeko, besteak beste, abenduan lokal bat irekiko dute Bergarako erdigunean, kanpaina bukatu bitartean mantenduko dutena.
 
Dena den, lokal horrez gain, Errotalde jauregiko Jardunen betiko bulegoa ere zabalik egongo da, eta bazkide bilakatu nahi dutenek bertan egiteko aukera ere izango dute, edota Jardunen webgunean eskuragarri dagoen formularioa beteta.
 
Berrikuntza moduan, hiru bazkidetza mota izango dira aukeran: bazkidea (laguntza ekonomikoa), bazkide laguntzailea (
(Jardunen ekintzak antolatzeko edo laguntzeko prest dagoena) eta biak uztartzen dituen formula.
 

Herriko presentzia areagotzea

Esan bezala, baina, kanpaina hau ez da bazkide berriak lortzera mugatuko. Aldiz, herriko presentzia areagotzeko hainbat ekintza egingo dituzte urtarrilera bitartean. Batetik, kale ekintzak egingo dituzte, eguenekoa bezala, edota photocalla kalera ateratzea, esaterako. Bestetik, erdiguneko lokalean ere askotariko ekintzak antolatuko dituzte; besteak beste, hitzaldiak, kultur emanaldiak edota haurrendako ekintzak.

Aurreratu dutenez, abenduaren 17a izango da kanpainaren egun handia. Egun osoan zehar ekintza desberdinak burutuko dituzte herritarrekin eta herriko hainbat eragilerekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak