Mendi martxak gorantza doazen kirol modalitatea dira eta horren erakusle dira urtetik urtera antolatzen diren proba berriak. Bailaran Antzuolako 8 miliak, Aloñako igoera, Bergarako San Silbestre Trail edo Mondraitz lasterketez gain beste proba bat gehiago izango da aurrerantzean; Osintxuko Mendi Martxa.
Domekan egingo dute lehen edizioa, eta hamar kilometroko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek. Besteak beste Krabelinaitz ingurutik eta lehengo ziklo-kross zirkuitutik igaroko dira domekan parte hartuko duten lasterkariak. Distantzia laburrarekin ahalik eta jende gehien animatzeko ibilbidea osatu nahi izan dute, eta horretaz gain, korrika samur egiteko tokiak bilatu dituzte.
Izen emateak Kirolprobak webgunearen bitartez egin beharko dira. 16 urtetik gorako edonork har dezake parte eta 8 euroren truke kamiseta, dortsala eta txipa emango dituzte. Dagoeneko 55 lagun inguruk eman dute izena eta antolatzaileak pozik daude orain arteko kopuruekin. Animatu nahi dutenek ostiraleko 21:00ak arte izango dute izena emateko aukera.